Esteribarren euskara aurrera eta Otsagabian atzera
2015-ko uztailak 2
2014ko abenduaren 11n argitaratutako Otsagabiko Udalaren Euskararen Ordenantzak hauxe zioen:
“5. artikulua. Otsagabiko Udalak bertze administrazio publikoei, entitateei eta erakundeei igortzen dizkien agirien, jakinarazpenen eta komunikazio administratiboen oinarria edo euskarria ele bitan idatziko da.
Ordenantza honi dagokionez ele bitan idatzitako agiria da testua osorik eta euskarri berean bi hizkuntzetan agertzen denean. Horretarako, begiratuko da diseinuan bi hizkuntzek tratamendu grafiko berdina izan dezaten, behar bezala bereizirik ager daitezen eta testua argi gelditzeko moduan banaturik.
6. artikulua. Edozein agiri bidaltzen dioten administrazio publiko, entitate edo erakunde horiei, Otsagabiko Udalak ele bitan idatz dezatela eskatuko die”.
2015eko maiatzaren 26an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean aldaketa argitaratu da, Nafarroako Gobernuak legezkotasunaren gaineko kontsiderazioak egin ondotik. Otsagabiko Udalak aldaketa onetsi, eta ondoren honela geratu dira artikulu hauek:
“5. artikulua. Otsagabiko Udalak beste administrazio publiko, entitate eta erakunde batzuei igortzen dizkien agirien, jakinarazpenen eta komunikazioen oinarria edo euskarria ele bietan idatziko dira, hori aurreikusita dagoenean eta gai hau arautzen duen egungo legeriak babesten duenean.
6. artikulua. Otsagabiko Udalak beste administrazio publiko, entitate eta erakunde batzuen agiriak –edonolakoak– jasotzen dituenean, haiei eskatzen ahalko die agiri haiek ele bietan idatzita egon daitezen, hori aurreikusita dagoenean eta gai hau arautzen duen egungo legeriak babesten duenean.”
Otsagabiko Udalak amore eman du Nafarroako Gobernuaren aurrean eta arrazoi sasijuridikoak onartu ditu. Agian pentsatuko du horrela segurtasun juridikoa hobeto babesten dela. Alderantziz da. Ba al daki Otsagabiko Udalak zer onartu duen? Bosgarren eta seigarren artikuluetan Euskararen Legea garatzen zen, Legeak ez baitu ezer arautzen honetaz.
Ez da aldaketa bakarra izan. Toponimia horrela arautzen zuen Ordenantzak:
“VIII. KAPITULUA.
TOPONIMIA.
Herriaren izen ofiziala Otsagabia/Ochagavía da.
35. artikulua. Otsagabiko Udalak bere mugapeko toponimoak (toponimia handia eta txikia) finkatuko ditu Euskaltzaindiaren jarraibideen arabera. Haien forma ofiziala euskarazkoa izanen da.
Arazorik izanez gero, Udalak hartuko du erabakia Euskaltzaindiari jarraituz.
36. artikulua. Oikonimiari (etxeen izenak) dagokionez, Udalak laguntza emanen die bizilagunei beren etxeen izenak katastroan inskribatzeko, euskarazko adierari lehentasuna emanez eta, zalantzarik bada, Euskaltzaindiari eginen zaio kontsulta”.
Oraingo aldaketarekin honela geratu da:
“Otsagabiko herriaren izen ofiziala “Ochagavía” da gaztelaniaz eta “Otsagabia”, euskaraz; hori, Nafarroako zenbait udalen izen ofizialak ezartzen dituen abuztuaren 16ko 55/2006 Foru Dekretuarekin bat (2006ko 240. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 7koa).
35. artikulua. Otsagabiko udal mugapeko toponimoak (toponimia txikia eta handia) indarra duen legerian xedatuaren arabera finkatuko dira.”
Horrela, legearen aipamen lauso hori sartzeko, toponimiaren inguruan aurreikusitako guztia ezabatu du Otsagabiko Udalak. Ez zen beharrezkoa. Esaterako, Iruñeko Udalak bere toponimia erabakitzen du.
Otsagabiko Udalak atzera egin du. Esteribarko Udalak, ordea, aurrera egin du 2015eko maiatzaren 7an argitaratutako Ordenantzarekin.
XIX. mendean erabat euskalduna zen ibar honetan euskararen atzerakada handia izan da. Egun % 25-30 dira elebidunak, eta hori azken garaian berpiztu delako. Horrexegatik, Udalak eremu mistoko Ordenantza onen eredua hartu du, eremu euskaldunean egon arren. Ezaugarriak: Elebitasuna, hizkuntz eskubideak (baita hirugarrenek zerbitzua prestatzen dutenean ere), langileei euskara eskatzeko irizpideak, bestela meritu moduan % 10. Lan hizkuntza izateko ez du neurririk garatu, langileak egokitzeaz gain. Aurrerantzean izanen du horretarako aukera.
Espero dezagun Nafarroako Gobernuaren eragin handi bezain kaltegarriak hemendik aurrera norabidea aldatzea! Hala bedi!