Esparru Gaztetxearen X. urtemuga ospatuko dute aurten Zizurren

Urtarrilan drogen inguruko jardunaldiak izango dira eta datozen hilabeteetan ekimen ugari eginen dituzte 10 urteko okupazio eta autogestioa ospatzeko.

2015-ko urtarrilak 8

Zizurko Gazte Asanbladak 1999 urtean sortua izan bazen, 2005an lortu zuen gaztetxe bat eskuratzea. Ibilbide luzea izan zen gaur egun Esparru gaztetxea ezaguna den espazio autogestionatu hori lortzeko. Gainera, Iruñerrian bizirik mantentzen den gaztetxe bakarra.

 

2002tik aurrera autogestioaren aldeko manifestu bat landu zuten atxikimendu ugari lortuz eta horren ondorioz alkatearekin bilera bat egin zuten. Lokalik ez zeudela argudiatuz, proiektu bat egitea eskatu zien, Zizurko handitze urbanistikoari begira.

 

Gestio pribatua ala autogestioa

2003an PAUMA enpresa pribatuak kudeatutako gazte lokalean aritzen saiatu ziren, baina hilabete gutxitan handik bota zituzten. 2004an indarrak biltzeari ekin zioten, gazte gehiagori zabaldu, eta proiektua egiteko ideiak jasotzen; hori baitzirudien gaztetxea lortzeko jarraitu beharreko bidea.

2005an autogestio proiektua herriko kolektiboei aurkeztu zieten, herriko aldizkarian proiektuaren laburpena atera zen, kaleko propaganda lanak egiten zituzten eta webgune bat sortu zuten. Azkenik udaletxean aurkeztu zuten proiektua. Herriko jende gehienak gazteen beharrak eta behar zuten gaztetxea ezagutu ahal izan zutela sensazioarekin gelditu ziren orduko gazte horiek. Baina udaletxeak ez zuen urratsik eman, eta horrexagatik 2005eko abuztuan okupazioa iritsi zen.

 

Esparru Gaztetxea

"ZGAk alternatiba bakarra aurkitu du ukatuta duen autogestiorako eskubidea lortzeko, eta honakoa okupazioa izan da. Horrela ba, abuztuak 20an Santa Cruz – Ardoi kaleko 1. zenbakiko lokala okupatu dugu, bertan gazteon arteko komunikazio eta harremanak sendotzeko, aisialdi eredu alternatiboak jorratzeko, parekidetasunean, elkartasunean eta errespetuan hezitzeko, elkartegintza bultzatzeko, sormena eta erantzukizuna esnatzeko, eta jarrera kritikoak bultzatzeko. Azken finean, urtez urte Zizurko gazteok behar izan dugun esparrua eraikitzeko", zioen egun horretan kaleratu zuten oharrean.

Esparru Gaztetxea bezala ezagutu da ordutik hona, eta oztopo eta errepresio guztien gainetik, bizirik dirau 10 urte eta gero. Horren froga, urtarrilan eginen dituzten drogen inguruko jardunaldiak.

Gehiago