Espainiako Auzitegi Nazionalak terrorismoa goratzeagatik deklaratzea deitu du Ahotsa.info-ko kide bat
Komunikabideko kide batek Agoizko epaitegian deklaratu du gaur goizean albiste pare batean “euskal preso politikoak” terminoa erabiltzeagatik.
2019-ko apirilak 24
2018ko urtarrilaren 5 eta 13an zabaldutako bi albisteetan “euskal preso politikoak” deitzen zitzaien EPPK-ko kideei, eta hori dela eta, 2018ko uztailan Ahotsa.info-ko kide batek Espainiako Poliziaren komisaldegian deklaratu behar izan zuen. Gaurkoan, eta auzi beragatik, Agoizko epaitegira joan behar izan du bideokonferentzia bidez Auzitegi Nazionaleko epaile baten aurrean deklaratzera.
Epaile eta Fiskaltzak egindako galderak erantzun ditu Ahotsa.infoko kideak, eta ondoren, libre eta inolako baldintzarik gabe atera da epaitegitik. Orain, Auzitegi Nazionalak erabaki beharko du auziarekin aurrera egiten duen ala ez.
Ahotsa.info-k gogoratu nahi du hau ez dela jasaten duen lehenengo erasoa, eta zentzu berean, aurretik Euskal Herriko beste komunikabide batzuek Estatuaren aldetik jasandako erasoak eta itxierak ekarri nahi ditu gogora: Egin, Egin Irratia, Egunkaria, Ardi Beltza, Apurtu, Ateak Ireki… Gainera, azken garaietan, Mozal Legearen aplikazioarekin herri komunikabide batzuen jarduera baldintzatzen saiatu dira. Hor ditugu, esaterako, Argia edo Hala Bediko kazetarien auziak. Adierazpen eta prentsa askatasunak arriskuan jarraitzen dute Euskal Herrian, eta hori onartezina da. Bere garaian azpimarratzen zen bezala, gaur ere ozen esan nahi dugu: jarraitzen dugu, jarraituko dugu!