Eskubide zibil eta politikoen aldeko “asteburu laranja” deitu dute epaiketa politikoak salatzeko
Irailaren 12, 13 eta 14an ekimen ezberdinak egingo dira 1/12 sumarioko gazte auziperatuen herri eta auzoetan.
2014-ko uztailak 25
Datorren Irailak 12-14 asteburu laranja egingo da, epaiketa politikoak salatzeko eta eskubide zibil eta politikoei babesa adierazteko. Ekimen hau irailaren 22an hasiko den 28 gazteren aurkako epaiketa salatzeko antolatu da.
Herrietan, epaiketa politikoen aurka eta eskubide zibil eta politikoen alde, herri asanbladak sortu berriak edo sortze bidean dira. Bakoitzaren errealitatetik abiatuta, herri hauetan burutu diren edo burutzeko dauden epaiketa ezberdinen aurrean herritarren babesa biltzea da asmoa," ideologia konkretuen gainetik, militantzia politikoa eskubide bezala ulertu eta hau gauzatzeko zilegitasuna defendatzea helburu dugularik".
"Salbuespen politiken kontra gaude, salbuespen epaitegiak ez ditugu onartzen, eta eskubide zibil eta politikoen alde lan egin nahi dugu", adierazi dute Donostian emandako prentsaurrekoan.
Datorren irailean Madrileko Audientzia Nazionalean burutu nahi duten 28 gazteen aurkako epaiketa ez dute zilegi jotzen, are eta gehiago, 40 gazteen absoluzioaren ondoren. "Datorren ikasturtean erronka potolo honi erantzun behar diogula uste dugu, gure herrietan, Audientzia Nazionala indargabetzeko eskaera handitu eta gazte hauek beraien jardunagatik epaituak eta kondenatuak izan ez daitezen".
Irailaren 12 eta 13rako Asteburu Laranja antolatzen ari dira dagoeneko, "aldarrikapena zabaldu eta herritarren babesa adierazteko".
Horretaz gain, auziperatuen deialdiari jarraiki, #28akerelibre #28aklibre traolak erabiliz elkartasun argazkiak uda osoan zehar ateratzen jarraitzera dei egin dute.