Eskola jardunaldia aukeratzean, bidezko bozketa exijitu dute hainbat familiak
2024-ko urriak 3
Urriaren 1ean, lanaldi zatitua ezarri den ikastetxeetako ikasleentzat, lehen eskola arratsaldea izan zen. Horregatik, Jarraia Ikastetxe Guztiontzat Plataformatik mobilizazioak antolatu zituzten ikastetxeetan, arratsaldeko eskolen amaieran. Are gehiago, familia batzuk erabaki zuten seme-alabak arratsaldeko eskoletara ez bidaltzea, protesta gisa.
Jarraia Ikastetxe Guztiontzat Plataformako kideek, elkarretaratze horietan gogorarazi zuten borrokan jarraituko dutela, seme-alaben ongizatearen alde, “bidezko bozka eta guztiontzako baldintza berdintasuna lortzeko”. Izan ere, aurreko ikasturtetik ari dira Carlos Gimeno kontseilariari exijitzen, familia gehienek seme-alabentzako jardunaldi jarraitua bozkatu duten eskola horietan atzerapauso bat eman dezala.
Jardunaldi jarraiaren aldeko familia horiek azaldu zuten hezkuntzako ordezkariekin bildu zirela, eta gutxietsita sentitu zirela. Bestalde, talde parlamentarioekin ere bildu zirela azaldu zuten, eta gehienek positiboki onartu zutela eskaera. Ondoren, lan-saio bat egin zutela Legebiltzarrean, eta bertan haien argudioak azaldu arren,oraindik gaia lantzen jarraitzeko esperoan daudela. Gainera, Arartekoarengana jo zutela adierazi zuten, eta honek Hezkuntza Departamentuari Foru Agindua aldatzea iradoki ziola, aukera guztiak modu berean eztabaidatu eta bozka zitezen. Eta era berean, indarrean dagoen araua aplikatzeak emaitza bidegabeak edo kaltegarriak ekar zitzakeela adierazi zuen, beste lanaldi bat aukeratzen zutenentzat. Bukatzeko, salatu zuten Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak foru agindu horretako hiru artikulu (12.7, 13 eta 14.1) baliogabetu dituela, uste baitu agindu horiek beto-ahalmena ematen zietela familiei lanaldia aldatzeko eskaeraren izapidean. Eta beraz, foru agindu honetako artikuluen deuseztasun horrek Hezkuntzari buruzko egungo lege organikoaren goragoko mailako arauak urratzen dituela ere salatu zuten plataformako kideek.
Elkarretaratzearen amaieran jardunaldi jarraiaren aldeko familiek haien seme-alaben hezkuntzaren eta ongizatearen aldeko indarrak biltzen jarraituko dutela adierazi zuten, borrokan hasi zirenetik gertatu den guztian oinarrituta.