Eskola jantokietako langileek Gobernuari eskatu diote eskolaldi jarraituaren arauetan beraiek kontuan hartzeko
Nafarroako eskola jantokietako langileen 687 sinadura erregistratu ditu gaur LAB sindikatuak Hezkuntza Departamentuan. Langileak kexu dira eskolaldi jarraituaren ezartzeak jantokietako langileen kaleratzeak eta lanaldi murrizketak ekarri dituelako.
2018-ko ekainak 21
Hala, sinaduren bidez, Gobernuari bilera eskatu diote, bai eta eskolaldi jarraituari buruzko hurrengo ebazpenetan jantokiko zerbitzuaren eta bere langileen egoera aintzat har dezan ere.
Sinadurekin batera erregistraturiko idatzian langileek Departamentuari azaldu diote hainbat eskolatan jardunaldi jarraitua ezarri izanak jantokietako baldintzen kaskartzea ekarri duela. “Zerbitzua okertu dela ikusi dugu”, adierazi du Itziar Lukanbiok, LABeko eskola jantokietako arduradunak. “Eskolaldi jarraitua ezartzearen eraginez lanpostuak galtzen ari gara eta lanaldiak murrizten ari dira”.
Lukanbiok azaldu duenez, 200 bazkaltiar izan ohi den jantoki batean, eskoladi jarraitua ezarrita, 120era jaisten da bazkaltiarren kopurua. Horrek erran nahi du langileen lanaldia murriztuko dela eta lau lanpostu galduko direla. Horrekin batera, planifikazio faltak eta bazkaltzeko ordutegia murriztu izanak ere oso zail jartzen dute zerbitzuaren kalitateari eustea.
Sinadura bilketarekin langileek Hezkuntza Departamentuari eskatu nahi diote gogoeta egin dezan eta, hurrengo ebazpena argitaratzean, aurrekoetan aintzat hartu ez dituen baina ondorio larriak dituzten hurrengo puntuak txerta ditzan:
- Proiektu guztietan agertu beharko da irakasleen eta jantokiko langileen artean landutako azterketa bat, eskolaldia aldatzeak jantokian izan ditzakeen ondorioei buruzkoa: bazkaltiarren aurreikuspena, ratioen balorazioa, guneen eta aldien egokitzapena, txanden eta ordutegien plangintza, adinaren arabera.
- Kontuan hartuko da ordutegi aldaketak langileei eragiten dizkien ondorioak eta Nafarroako Gobernuak konpromisoak hartuko ditu kaleratzeen eta lanaldi murrizketen aurkako neurriak ezartzeko.
- Nafarroako Gobernuak eutsi beharko die eskolaldi zatituarekin lotuta dauden eskola eta garraio beka eta laguntzei.
- Eskolaldien gaineko ebaluazio eta lehengoratzeko prozesuetan jantokiko langileen azterketa kontuan hartuko da.
Nafarroako eskola jantokietako langileen %95 emakumeak dira eta batez bertze 12-15 orduko lanaldia egiten dute astean. Horregatik, sinadurak Ana Ollori ere zuzendu zaizkio, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari.