Eskirozko lantokia ixteko erabakia iragarri du BSHk, eta 660 langile kaleratuko ditu
Langileen ustez, Turkian eta Polonian deslokalizatuko dute ekoizpena.
2024-ko abenduak 17
Iturria: Euskalerria Irratia- Ahotsa.info
Kolpe latza Eskirozko BSHko langileendako. Alemaniako zuzendaritzak iragarri du 2025eko ekainean, lantokia ixteko asmoa duela.
Itxieraren mehatxua buru gainean zuen lantokiak pasa den urtetik honat, baina sorpresaz harrapatu ditu langileak erabakiak. 2015etik honat erdira jaitsi da ekoizpena, BSH-k Turkian eta Polonian dituen lantegietara bideratu baitu bere produkzioaren zatirik handiena. Eskirozko lantokiari, estatu mailarako ekoizpena geratu zitzaion baina azken hilabeteotan, estatu mailan ere beste lantokietako produktua saltzen ari zen BSH.
Alemaniako zuzendaritzak ohar bidez iragarri du itxiera asmoa, “Eskirozko lantokiak lehiakortasunik ez duela” argudiatuta.
ELAk salatu du multinazionalak “700 pertsona langabezian utzi nahi dituela, 2023an 60 milioiko irabaziak izan zituen arren”, eta ikusteko dagoela enpresa hornitzaleek pairatuko dituzten ondorioak.
“Zuzendaritzak ez dio inolako informazio garrantzitsurik eman ordezkaritza sindikalari, 2025eko ekainean Eskirozko lantegia ixtearen albistea bakarrik”, salatu du ELAk, horregatik “enpresaren formak” arbuiatu ditu eta enpresari eta Administrazio Publikoei BSH Eskirozentzako industria-plan bat eskatu die. Azkenik, sindikatuak iragarri du “enplegua ez suntsitzeko borrokatuko dela eta erantzun bat emateko antolatuko dela”.