Erripagainako bizilagunek udal dotazioak eskatzeko kaleak hartu dituzte
2025-ko urriak 25
Erripagainako bizilagunek manifestazioa egin dute gaur eguerdian auzoak bizi duen “utzikeria eta abandonuaren historia” salatzeko eta dotazio duinak eskatzeko.
“Alkateak, zinegotziak, lehendakaria, kontseilariak: onartezina da horrenbeste urte igaro ondoren oraindik ez egotea kudeaketa bateraturako organorik”, kritikatu dute. Izan ere, Iruñea, Eguesibar, Uharte eta Burlatako lurretan kokatzen den auzo honi nork eman dion zerbitzua eztabaidan dago. Bizilagunek, gainera, akordioak ez direla betetzen salatu dute. “Lotsagarria da adostutako akordiorik ez betetzea.
Ez duzue harri bat ere mugitu ekipamendu-lurzatietan. Civivox bat eginda egon behar zuen dagoeneko, baita kirol-instalazio bat ere. Eta zer esan osasun-zentroaz, orain bi urte bukatua aurreikusten zena. Ez duzue abiatu parte-hartze prozesua, amaituta egon behar zuena. Ezta denbora irabazteko asmatutako inkesta soziologikoa martxan jarri ere”, esan dute manifestazioaren amaieran irakurritako testuan.
Udal guztiei euren ardurak eta konpromisoak betetzeko eskaeria egin diete, baita ere Nafarroako Gobernuari. “Gobernua, zuk ere lagundu zenuen arazo hau sortzen, eta gaur aterabide bat eman beharko zenioke”.
Mendillorriko egoera ekarri dute gogora. Auzo berri bat sortu eta 7 urtetan behar zituen zerbitzuak ezarri zirela gogoratzen dute. “Erripagañan, berriz, denbora bikoitza pasa da, eta ez duzue hatzik ere mugitu. Denbora igarotzen da, eta gure amorrua handitzen doa”, ohartarazi dute.
Gaurko mobilizazioan haien aldarrikapenak berriz adierazi dituzte: auzoak behar dituen ekipamendu publikoak eskaintzea, auzo kontsulta bat bizilagunek erabakitzeko zein udalerrikoa izan etorkizunean. Hau guztia garatzeko “epe argiak” exijitu dituzte “kaltetuta dauden milaka herritarren aurrean errespetua eta seriotasuna erakusteko”.
