Errigoraren “Euskarari Puzka” emateko kanpaina, azken txanpan!

4.000 saski prestatu dituzte asteburu honetan Ablitasen Euskal Herri osoko bolondresek. Azaroaren 14 arte eskaerak egiteko aukera izanen da.

2024-ko azaroak 11

Nafarroa hegoalde eta erdialdean (Ager eremuan) euskara sustatzeko “Euskarari puzka” kanpaina bere azken txanpan sartu da. Ager eremuan euskarari hauspoa emateko kanpainan biltzen den dirua euskaltegietan, ikastoletan, ikastetxeetan eta baita hortik kanpo ere egiten diren jarduerak sustatzeko erabiliko da. “Lurralde zabalean euskara libre hedatu dadin elkarrekin puzka dihardugu. Herriz herri eta esparruz esparru (kirolean, hezakuntza ezformalean, kulturan, hizkuntza paisaian, aisialdian…) Agerrean euskara hasia da loratzen eta horregatik jarraitu behar dugu ureztatzen, indarrez eta osasuntsu hazi dadin”, dio Errigorak.

Auzolanean prestatu dituzte asteburu honetan 4.000 saski Ablitas herrian. “Aspaldi ikasia dugu bakar batek baino askoz gehiago egin dezakegula elkartzen bagara. Horregatik, euskara hauspotzeko lanean dabiltzan eragileek denon ekarpena behar dute baliabide ekonomikoz hornitzeko, baita haien eguneroko batailetan gainontzeko euskaltzaleen babesa eta arnasa senitzeko ere. Eta horregatik, animatu nahi ditugu Euskal Herriko eragile guztiak, zuen herri eta auzoetan Errigoraren berri eman eta kanpainara lau haizeetara hedatzeko”.

Aurtengo Euskarari Puzka kanpainako eskaintza honakoa da:

  • SASKI BELTZA: 55 eurokoa, Nafarroako produktu konbentzionalekin.
  • SASKI BERDEA: 65 eurokoa, Nafarroako produktu ekologikoekin.
  • SASKI GORRIA: 75 eurokoa, azken hau produktu bereziagoz osatua dago.

Saski bakoitzaren balioaren %25a zuzenean bideratzen da Nafarroa erdi eta hegoaldeko euskalgintzara, hau da, AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldia eragileetara. Eskaerak Errigora.eus webgunean edota eskuorrien bitartez egin daiteke. Azken horiek herriko arduradunari edota izendatutako puntuetan utziz gauzatu daiteke eskaera. Saskiak Euskal Herri osoko 200 herri baino gehiagotan jasotzeko aukera dago.

Gehiago