Errigorak kontsumo ereduan eragin nahi du bertako produktuen kontsumoa bultzatuz tokiko ekoizleak sustatzeko
Eskutik Eskura kanpainaren bidez Nafarroan landatu eta ekoitzitako produktuak zabaltzen dira Euskal Herri osora. Beti ere, elikadura burujabetzaren ikuspegitik eta euskal lurraldeen arteko loturak sustatuz. Martxoaren 26 arte eskaerak egiteko epea dago.
2025-ko martxoak 11

Egungo kontsumo ereduaren onuradun nagusiak bitartekariak direla ari du Errigorak. “Horrek kinka larrian jartzen gaitu ekoizle nahiz kontsumitzaileak, horien ongizatea enpresarien espekulazio ariketek baldintzatzen dutelarik”. Errigorak bestelako eredu bat sortzea eta bultzatzea beharra ikusten du, eta horregatik buru belarri murgildu da elikadura burujabetzaren aldeko borrokan.
“Elikadura burujabetza da Euskal Herrian kontsumitzen ditugun elikagaiak hemen ekoiztuak izateaz gain, elikagaien ziklo guztiaren gaineko (ekoizpena, banaketa eta kontsumoa) erabakimena ere herriaren eskuetan egotea da”, azaltzen du Errigorak. Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak sustatzea du helburu Errigorak, eta elkarlana bultzatzen du lan horretan dauden kontsumo-elkarte eta bestelako ekimenekin.
“Onurak pertsonalak zein kolektiboak izan daitezke, eta gure ustez guztiz lotuta doaz bata bestearekin. Elikadura burujabetzaranzko bide honek ekoizpena eta kontsumoaren arteko bitartekaritza-eredua eraldatzearekin batera, horien arteko zubiak sortzen ditu. Biak hurbiltzeak gardentasunean eta sareak sortzean aurrera pausoak ematen laguntzen digu, horrela, euskal lurraldeen arteko lotura ekonomiko zein sozialetan sakonduz”, dio Errigorak.
Kontsumitzaileak izaera pasibotik “aktore izatera jauzi eginez” elikadura-sisteman zeresana dutela erakutsiko dutelakoan daude Errigoran, eta eragiteko ahalmena izanen dute, eta bide horretan orain martxan jarri den kanpaina honetn parte hartzeak ere bere biziko garrantzia du. “Adibidez, pikillo piperren kasua; hainbestekoa zen Errigorako kontsumitzaileen eskakizuna, ekoizleek lur-sail berriak landu behar izan zituztela kontsumitzaileen beharrizanari erantzuteko. Beste adibide garbia da Hazialdekorena; kontsumitzaileei eskaeri eta konpromisuari esker lortu zen Nafarroako lekaleen ekoizpena berreskuratzea eta nekazariek horren aldeko apustua egitea, Errigoraren eskutik”.
Bukatzeko, Errigorak nabarmendu nahi du ikuspuntu ekologiko batetik egiten den lana. “Ekoizpen-kate motzagoak elikatzen eta nekazaritza-eredu jasangarriagoak elikatzen ditugu bertan parte hartzen dugun kontsumitzaileok, guztion etorkizunerako behar-beharrezkoak direnak”.
Aurten betiko produktuaz gain, beste berri batzuk erosteko aukera izanen da:
- Arroz konbentzionala (12kgko lotea) itzuliko da katalogora.
- Lekaleak, hau da, dilista eta txitxirioak, lehen aldiz bakoitzak bere lote propioa izanen du.
- Arbendolak moten arabera banatutako loteetan eskainiko dira.
- Pasta loteak ere izango dira.
- Ardo-sortak eredu ekologikoan ekoiziak.
Eskaerak Errigoraren webgunean egin daitezke, edo telefonoz (Hego Euskal Herritik (+34) 848 87 12 23 eta Ipar Euskal Herritik (+33) 532 09 35 45 telefonoetan) Martxoaren 26a arte.