Errigorak beste errekor berri bat markatu du aurtengo “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainarekin

8.200 etxe baino gehiagotan egin dute bat euskararen aldeko kanpainarekin eta 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz eta pasta eskatu dira. Aurreko urteko kanpainarekin alderatuta, %25eko igoera izan da aurtengo Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura ekimena.

2021-ko martxoak 31

2021eko Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina denbora luzez gogoratuko dugu. Izan ere, auzolanarentzat eta ahoz ahokoarentzat hain aldrebesa den testuinguru honetan, inoizko plater gehiagotara eramango ditugu Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza eta pasta. 8.200 etxe baino gehiagotan egin dugu bat kanpainarekin eta 109.000 litro olio, 245.000 ontzi kontserba eta 30.000 pakete arroz eta pasta eskatu dira. Aurreko urteko kanpainarekin alderatuta, %25eko igoera. Bejondeigula guztioi!

Gehiago ere izan zitezkeen, baina bidean agortu zaizkigu hainbat produktu: pikual olio barietatea, pikillo piper ekologiko zein ez-ekologikoak, barazki-menestra ekologikoa eta potxa ekologikoak. Edonola ere, produktuok agortzeak gure baratzari eskaintzen dion aukera paregabeak eragiten digun poztasunak estaltzen du etxe guztietara ezin ailegatzeak sortu digun nahigabea.

Plateretik baratzera. Horixe izan da kanpainaren leloa, eta Euskal Herriko milaka kontsumitzaile arduratsuren hautuei esker, praktikoki frogatu ahal izango dugu elikadura-burujabetzara bidea norbere plateretik has daitekeela. Izan ere, taldean arituta, milaka kontsumitzaileren hautu kontzienteek ekoizpenean eragin handia izan dezakete. Bada, dagoeneko hasi gara lanean eskaintzak eskaera ase dezan eta datozen hilabete eta urteetan lan honen fruituak ikusiko ditugu.

Ekoizpena handitzera goaz, baina ez edozein modutan: eredu iraunkorren aldeko apustu garbia egingo dugu. Batetik, agroekologiaren printzipioekin bat eginez, agortu diren produktu gehienak ekologikoak izan dira eta; bestetik, nekazari eta transformatzaileen arteko akordio berriak sustatuz, alde bientzako bidezko baldintzetan.

Ezin aipatu gabe utzi plateretik baratzerako bide hau posible egin duten Errigoraren komunitateko kideak. Mila esker eta zorionak ekimen hau posible egiten duten boluntario guztiei eta, nola ez, kanpainari zentzua ematen dioten kontsumitzaile arduratsu guztiei. Baita Errigoraren parte diren ekoizleei ere, haien konpromisoagatik.

Pandemiaren kudeaketak sortutako testuinguru bereziak gogoetarako aukerak biderkatzen ditu. Denok ikusi dugu nor bere kabuz arituta nolako ereduak bultzatzen diren. Kanpaina hau kontsumitzaile arduratsuek bat egin eta gure plateretatik bestelako kontsumo, banaketa eta ekoizpen ereduen alde egiteko hazi bat baino ez da. Baina Errigoraren kanpainatik harago, bestelako eredu horren alde aritzeko hamaika aukera ditugu egunero, herri zein nazio mailan, eta ezinbestekoa da berauen alde egitea. Beraz, azken deia gure komunitateari egiten diogu, proiektuotan parte hartzeko eta berriak sortzen jarraitzeko.

Gehiago