Errigora kanpaina martxan da

Tere, Angel eta Imanol. Tutera, Arroniz eta Oibar. Gauez euskaldundutako ikastolako gurasoen ama. Itsasgizon izandako kontserba ekoizlea. Ardogile eta mahastien artatzaile gaztea. Nafarroa hegoaldeko errealitatearen hiru aurpegi, beste hamaikaren artean. Errigora kanpaina martxan jartzeko lehenengo spotaren protagonistak.

2014-ko urriak 29

Errigora euskara eta bertako produktuen kontsumoa sustatu nahi duen ekimenak martxan jarri du udazkeneko saskien salmenta. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainako saskia eskuratzeko 425 eskaera puntu izango dira Euskal Herriaren luze zabalean.

Errigora Euskal Herria oinarri eta elkarlana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta “euskara ofiziala ez den zonaldean” eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren produktuei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

Norabide horretan, egunetik egunera gero ta zabalagoa den lagunarte batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari diren herritar, nekazari, euskaltzale, ekoizle eta kontsumitzaileez osotutako sare anitz batek. Euren txikitasunetik elkarlan handi bat gauzatu nahi dute "Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako".

Ekimenaren helburu bat da Nafarroa hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea, urrunekoen ordez bertokoak kontsumitu ditzan.

Bestealdetik, Nafarroa hegoaldean “euskara ofiziala ez den zonaldeko” euskalgintzari bultzada ekonomikoa ematea. Eta azkenik, herrigintza, auzolana, nazio-eraikuntza… “betiko” lan kolektiboan oinarrituz ekarpentxo bat egitea, lan molde honen beharra eta indarra goraipatuz.

Saskien eskaera azaroaren 12ra arte egiteko aukera izango da.

Gehiago