Errigora: auzolanean eman diote hasiera 2016ko udazkeneko kanpainari
Urriaren 24ean hasi eta azaroaren 8ra arte izango duzu bertako produktuez osatutako saskia eskatzeko aukera. Aurten gainera 2 saski: Beltza eta zuria.
2016-ko urriak 25
Zergatik ez ditugu Tuteran gure haurrak euskaldunduko? Eta helduentzako euskarazko ikastaroren bat antolatuko bagenu Tafallan? Ederki legoke Cascanten euskaltzaleok biltzeko txoko bat izatea… Eta euskara eguna ospatuko bagenu Sartagudan?
Orain hamarkada batzuk amets huts ziren haiek errealitate dira gaur. Eraikin, material eta irakasle tituludunik gabe eta borondate handiz abiatutako heziketa esperientzietatik datoz Nafarroa hegoaldean euskararentzako ezinbesteko diren ikastolak. Helduen euskalduntze eskolak emateko auzolanean txukundutako lonja haietatik datoz egungo euskaltegiak. Eta antzera gertatu da euskara egunak edo olentzeroren etorrerak antolatzen dituzten euskaltzaleen txoko edo elkarteekin. Ez da magia kontua. Zuri esker bihurtu dira egia amets haiek, auzolangile. Zure maitasunari esker. Zure gogoari esker. Zure izerdiari esker.
Baina, hainbeste kostata erditutako proiektuok aurrera egin dezaten, oraindik ere zure laguntza behar dute. Haur zein helduen euskalduntzeak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da elkartasunaren bultzada. D ereduan matrikulatutako haurrak gero eta gehiago izan daitezen lanean jarraitu behar dugu. Are gehiago, euskara ikasten ari diren haur zein heldu horiei guztiei euskaraz bizi ahal izateko aukerak, espazioak eskaini behar zaizkie. Asko egin dugu, baina oraindik ere asko dago egiteko.
Heldu zaigu, beraz, berriro amesteko ordua. Euskararen beharrizanetatik izan beharretara jauzi egitekoa. Zonalde zigortu hau lurralde euskaldun imajinatzekoa… Amestu dezagun ikastola, euskaltegi eta, oro har, euskaraz ikasteko egitasmoak ikaslez betetzen direla. Baina harago ere bagoazela. Amestu dezagun, etiketetan eta web guneetan euskarari tokia egin ostean, ekoizleek pauso berriak ematen dituztela eta, adibidez, enpresetako langileak euskalduntzeko apustua egiten dutela. Amestu dezagun Lodosako arraun taldean gazteak euskaraz dabiltzala; Tuteran euskarazko pilota-eskola sortzen dugula; zonaldeko herri guztietan D ereduan matrikulatutako haur taldeak osatzen direla… Amestu dezagun Euskal Herri osoko hamaika musikari, antzerkigile, dantzari edota artistak bat egin eta Nafarroa hegoalderako kultur agenda oparo bat antolatzen dutela. Amestu dezagun.
Amets egitea gauza ederra da. Ederragoa ametsa egitea. Baina, oraingoan ere, ez da posible izango zu gabe. Ametsok zuri esker izango dira egia, ala ez dira izango. Auzolanari esker izango dira, ala ez dira izango. Izan ere, auzolanaren ispiluan zure islak ez du amaierarik. Auzolanaren ispiluan zure ekarpena beste milaka lagunen ekarpenarekin biderkatu daiteke, mugarik gabe.
Zuri esker, horretara dator “Nafar Hegoaldeko uzta, euskarari puzka”. Auzolanean, eskualdeen arteko elkartasunez, jendartetik. Zonalde konkretu batek dituen zailtasunak herri gisa hobeto erantzuten baitira. Ezkerraldea, Baigorri, Aiaraldea eta Tafallaldea elkarrekin ERRIGORA baikara.
Hauxe beraz, Zazpiak Bat harreman sareak, Sortzenek, AEKk, Ikastolen Elkarteak eta Errigorak proposatzen dizuguna. Izan ere, beste behin ere, Nafarroa hegoaldeko baratzaren uzta euskarari puzka jartzeko proposamenarekin gatoz. Urriaren 24ean hasi eta azaroaren 8ra arte izango duzu bertako produktuez osatutako saskia eskatzeko aukera. Aurten gainera 2 saski: Beltza eta zuria. 20 ekoizle eta inoiz baino produktu eskeintza zabalagoarekin. Inoiz baino ERRIGORAgo! Eta guzti hau ZURI ESKER.