Erresidentzietan bisitak ahalbidetzeko eta zerbitzu egoki bat emateko baliabide gehiago eskatu ditu Zainduz elkarteak

Gaur eguerdian Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean elkarretaratze bat egin du egoiliarren senideen Zainduz elkarteak. Pandemiaren eraginez erresidentzietan bisitak murriztu eta debekatu dituztela salatu dute, eta zaintza sistema publiko bat aldarrikatu dute.

2021-ko otsailak 11

Pertsona nagusien zainketa eredu desegokiak dirutza mugitzen du. Horregatik, Nafarroako egoitza gehienak enpresa pribatuek kudeatzen dituzte, eta hauek haien etekinez gehiago arduratzen dira gure zaharrei ematen dieten kalitatezko zerbitzuaz baino.

Honek suposatzen duena aspalditik jakina da egoiliar eta senideen aldetik. Baina martxotik ikusten ari garenak lehenbailehen eredua aldatu behar dela agerian uzten du. Covid-aren ondorioz ehundaka kutsatu eta hildako izan dira langileen eta, batez ere, egoiliarren artean, isolamendu eta itxialdi orokortuak, bisiten eta irteeren debekuak… Finean, gure edadetuengan honek suposatu dituen kaltean ez dira kontutan hartu.

Duela aste batzuk Gobernuari egoitzetako bisitak eta irteerak bermatzeko neurrien beharra adierazi genion. Osasun segurtasunari dagokionez, teknikoki posible da eta langile kopurua sendotuz, dagoeneko egingarria litzateke. Baina helburua baliabideak “doituz” irabaziak handitzea denean, zaila da.

Gehiegi itxoin ondoren, hain beharrezkoak ziren bisitak iritsi ziren, baina egoitzaren arabera modu oso ezberdinean. Batean astean ordu bateko bisita, bestean astean ordu erdikoa, eguneroko bisitak hirugarrenean… Eta gauza bera irteerei dagokienean. Kasu honetan, neurri askoz zorrotzagoak gehienetan.

Kutsatzeen iturria bisitak direla esatea ez da zehatzegia, are gehiago, egoitza batzuetan bisitak debekatuta edo oso mugatuta daudenean eta, hala ere, kutsatzeak gertatzen direnean. Gure iritziz, egoera honen atzean beste faktore batzuk daude, eta pertsonal urritasuna eta eredu pribatizatua geroz eta indar handiagoarekin agertzen dira egoitzen egitura-arazoen artean.

Asteartean, hilak 9, txertatutako egoiliarren irteera eta bisitetarako irizpide berriak argitaratu ziren. Txertaketak orain arte bizitzen ari ginena aldatuko zuelakoan geunden, baina ez da hala izan. Orain arte bezala, egoitza bakoitzaren esku uzten da bisitak eta irteerak kudeatzea, minimo batzuk ezarriz: ordu erdi, astean behin. Hau da, orain artekoaren oso antzekoa. Gutxiegi zen eta orain txantxetakoa dirudi.

Paraleloki, Osasunbidea lehen arretako zentroetako langileen artean zahar-egoitzetara joateko jende bila ari dela entzun dugu. Aldarrikapen hau Zainduz-en planteatu dugu: gure senideen osasuna zerbitzu publikoak atenditzea osoki. Albiste hau norabide horretan ematen ari diren urrats efektiboez aritzea gustatuko litzaiguke. Ez dugu nahi iniziatiba puntual bat izatea, enpresa pribatuei denon artean ordaintzen ditugun baliabide material eta pertsonalak eskainiz, haiek langile gehiago jartzen ez duten bitartean eta irabaziak handitzen dituzten bitartean.

Gehiago