“Erregimenak bizirik” dagoen Iruñea batean “okupazioa tresna zilegi eta beharrezkoa” dela uste du Ernaik

Pasa den larunbatean HirekiN kolektiboak egindako okupazio eta etxebizitzaren inguruko aldarrikapenen eta udaltzainen desalojo bortitzaren harira, Ernai Gazte Antolakundeak "herri eta gazte mugimenduek garatzen dituzten borrokek (...) aldaketari bere ezinbesteko aportazioa egiten diote, ezin dira horrelakoak aldaketaren kontrako ekintzatzat jo" adierazi du.

2016-ko urriak 12

Azken egunetako eztabaidak hIREKIn kolektiboak planteatutako aldarrikapenak desbideratzen dituela uste du Ernaik. “Etxebizitzaren merkantilizazioa bultzatzen duen sistema kapitalistak herria eta, are gehiago, gazteok prekarietatera kondenatzen gaitu eta etxebizitza pribilejio bilakatzen du. Honen aurrean, okupazioa tresna zilegi eta beharrezkotzat” jotzen du gazte antolakunde honek, eta zentzu horretan, hIREKIn-ek planteatutako dinamika babestu eta larunbatean egindako ekintza txalotzen du.

Udaltzaingoaren bortizkeria salatu eta gertatutakoa argitzeko eskatzen du Ernaik, eta honek agerian uzten du “Erregimenak bizirik” dagoela. Ernaik bat egiten du Hirekin kolektiboak egindako aldarrikapenekin, hau da, atxilotutako gazteen kontrako karguak baliogabetzea, gazteen kontra irekitzen ari diren dilijentziak bertan behera uztea, hauen kontrako polizia-jazarpena guztiz geldiaraztea, desalojoan ardurak dituzten udaltzainei espedienteak irekitzea, neurriak hartzea eta erantzukizun politikoa argitzea.

Bestetik, Ernaik “herri eta gazte mugimenduek garatzen dituzten borrokek (…) aldaketari bere ezinbesteko aportazioa egiten diote, ezin dira horrelakoak aldaketaren kontrako ekintzatzat jo” azpimarratu izan nahi du, eta datorren larunbatean Nabarreriatik eguerdiko 12etan aterako den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen die gazteei.

“Aldaketak aurrera eginen du Iruñerrian eta Nafarroan: kontraesanak asumitzeak aurrera goazela erakusten digu, gure bidea indartzen du eta Nafarroa askea lortzera bidean jartzen gaitu. Gazte boterea eraikitzen jarraituko dugu”, adierazi du Ernaik.

Gehiago