Ernairen mobilizazioak izan dira campusetan, Madrilen epaituko dituzten 47en alde

Ernai gazte antolakundeak deituta, mobilizazioak egon dira gaur eguerdian unibertsitatean, astelehenetik aurrera Madrilen epaituko dituzten 47 herritarren alde. Iluntzean mobilizazio gehiago deitu ditu hiriburuetan, makroepaiketa berri honen aurka

2019-ko irailak 12

Datorren astelehenetik aurrera Madrilgo Entzutegi Nazionalean epaituak izango diren 47 euskal herritarren aldeko mobilizazioak izan dira gaur eguerdian Hego Euskal Herriko unibertsitateetan, Ernaik deituta.
Elkarretaratzeek «Presorik gabeko Euskal Herrian, gazteok zurekin. Makroepaiketarik ez» izan dute leloa. Gazte antolakundeak salatu duenez, «47 herritarren aurkako enegarren makroepaiketa» da hau, eta «euskal presoen eta hauen senideen sustengurako lana» da epaitu nahi dutena.
«Tribunal arrotzetan ebatziko dute, beste behin ere hamarnaka euskal herritarren etorkizuna» adierazi du Ernaik ohar batean, eta «gazteon elkartasun eta maitasun osoa» helarazi diete «epaituak izango diren kideei eta haien senide eta lagunei».
ETAk bere jardun armatua behin betiko eteten zuela iragarri zuenetik, «gatazkaren konponbidea azkartzeko milaka lagunek» emandako «bultzada» nabarmendu du, eta testuinguru «itxaropentsu» horretan kokatu du preso, iheslari eta deportatuen korapiloa askatzeko sortutako herri dinamika anitzak eta batez ere Herrira mugimendua eta honek izan zuen «gaitasun aktibatzailea».
«Kaleak jendez lehertzeko deialdira batzen gara»
«Injustizien aurka altxatzen garen gazteak gara eta ez gaude prest basakeria judizial hau onartzeko», adierazi du Ernaik, 47 herritarren «bizkarrean» jarri nahi duten 601 urteko espetxe zigorra eta 117.600 euroko isuneko «zama» salatuz.
«Gatazkaz bizi diren eta gatazkak elikatzen dituen sektore erreakzionarioentzat goxokia da makroepaiketa hau», nabarmendu du Ernaik, eta larunbateko Bilboko manifestazioan parte hartzeko dei egin du (17.30, Casilla-tik.
Iluntzean mobilzazio gehiago burutuko ditu gazte antolakundeak hiriburuetan.

Gehiago