Erika Herrigunearen desalojoa salatzeko kontzentrazio zaratatsua egin zuten barte gauean Irunberrin

Atzo goizean hormatu zuen Irunberriko Udalak Erika Herriguneko sarrera. Desalojoa salatzeko elkarretaratzea egin zuten iluntzean Erikako kideek.

2020-ko urtarrilak 23

Atzo goizean Irunberriko udal gobernuko ordezkariak eta zenbait langile abenduan okupatutako Erika Herrigunera bertaratu ziren. Aurretiazko abisurik edota azalpenik eman gabe, eraikinaren sarrera hormatu zuten. Desalojoa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten bart iluntzean Irunberrin. Erikako kideek elkarrizketarako borondatea une oro agertu dutela adierazi dute, baita haien eskakizuna zilegia dela ere. Horregatik, herriaren beharren alde lanean jarraituko dutela adierazi dute, Udalaren borondatea dena delako dela ere.

“Ez da hilabete bat ere igaro Erikan sartu ginenetik, gure proiektuak garatzeko leku bat izateko ilusioarekin, edota, gutxienez, udalarekin benetako negoziazio batera iristeko ilusioarekin. Ez da hilabete ere igaro, eta gobernu-taldeak dagoeneko erakutsi du zein den bere estiloa: negoziazioari uko egitea eta guztiona den eraikin bat ixtea. Hori al da erakutsi behar duten ardura eta ausardia guztia? Irunberriko gazteriaren eskaera historiko bat isiltasunarekin eta harresi batekin ukatzea?”, galdetu zuten gazteek.

“Denbora asko daramagu lokal baten beharra justifikatzen, ondo baino hobeto dakite eskaera legitimoa dela eta ez dela berria. Baina beldur dira, ez dute nahi beren ezer beren kontroletik kanpo, ez dute nahi bizirik eta aktibo dagoen gazteria bat”, gehitu zuten.

“Erika itxi digute, eta berriro ez sartzeko mehatxu egin digute, esanez sartzen bagara “txarrera?” joango direla. Baina guk ez dugu amore emango. Badakigu gauzak ongi egin ditugula, elkarrizketaren bidez akordio batera heltzen saiatu garela; eta haien maila hau bada, gure beharrei erantzuna emateko borondaterik ez badute, guk borrokan jarraituko dugu”, ohartarazi zuten.

Gehiago