Erabakitzeko eskubidearen aldeko lehenengo olatuak 7.781 herritarren babesa jaso du Nafarroan

Nafarroako lau eskualdetan herri galdeketak dituzte gaur: Bortzirietan, Imotz-Basaburuan, Mendialdean eta Sakanan.

2017-ko ekainak 19

2014an Etxarri Aranatzen eta 2016an Bakaikun egin ondoren, Nafarroara heldu da estatus politikoari buruzko aurreneko galdeketa sorta. 24 herritako 27.095 herritar zeuden deituta botoa ematera, eta hala egin dute 7.781k.

09:00etatik 20.00etara izan dituzte irekita hautetsontziak. Horiek itxita, botoak zenbatzen hasi dira. Mendialdean izan da batez besteko parte hartze handiena; hamar herritarretik lauk eman dute botoa. Bortzirietan, %26koa izan da parte hartzea, eta apur bat apalagoa Sakanan. Hala ere, eskualde horretan bildu dituzte boto kopuru gehien: 2.959. Imotzen eta Basaburuan ere izan dute botoa emateko aukera, eta, bi herrietan, 404 lagunek jo dute hauteslekura.

Askotarikoak ziren galderak. Estatus politikoaren ingurukoak izango dira guztiak, baina xehetasunak izan dira leku batetik bestera. Bortzirietan, esate baterako, galdera bera egin dute Lesakan, Igantzin, Arantzan, Beran eta Etxalarren: “Nafar gisa, Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?”. Mendialdean ere formula bera erabili dute eskualde osorako, baina kasu honetan galdera bikoitza izan da. Sakanan, berriz, herri bakoitzak bere galdera adostu du.

Askotarikoak izanagatik, ordea, erantzun bat nagusitu da guztietan; euskal estatu burujabe edo independentearen aldekoa. 7.463 herritarrek eman dute baiezko botoa (%95,8), eta 135k ezezkoa (%1,73). Zuri bozkatu dute 148 herritarrek (%1,83), eta 43 boto baliogabeak izan dira.

Gehiago