Erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria munduan zabaltzeko, 60.000 ikurrin banatuko ditu Gure Eskuk Tourrean
2023ko Frantziako Tourreko lehen hiru egunetako etapak Euskal Herrian izango dira. Horregatik Gure Eskuk, Tourrak nazioartean duen oihartzuna probestuko du Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herria dela eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko.
2023-ko ekainak 23
2023ko Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko da, uztailaren 1, 2, 3 eta 5ean. Gauzak horrela, Gure Eskuk, Tourrak nazioartean duen oihartzunaz baliatuta mezu argi bat zabaldu nahi du: Euskal Herria zazpi lurraldez osatutako herria dela eta etorkizuna libre erabakitzeko eskubidea duela. Horretarako, ikurrinak Tourrean oinarrizko ikur bezala erabili nahi ditu. “Euskal Herriak Erabaki – Basques Decide” leloa duten 60.000 ikurrin banatuko ditu Gure Eskuk Tourrean. Ikurrin berezi hauek lortzeko modu ezberdinak egongo dira. Ekainaren 29ra arte Gure Eskuren online dendan eta herrietako taldeei eskatuz eskuratu ahal izango dira. Eta Tourraren egunetan Fanzonean ere, Naiz eta Berriaren gunean, kuestazioan eta uztailaren 3an karabanan, Berriaren eskutik. Izan ere, ikur horiek eskuan errepide bazterretara ateratzeko deia egiten diegu Euskal herritarrei, Tourra jarraitzen duen orok ikus ditzan. Horrez gain, “1000 ikurrin baietz!” erronka ere jarri dute martxan, zein 1000 makildun ikurrin ere banatuko dituzte egunero.
Bestalde, Uztailaren 3an, Bidasoan ekimen berezia antolatu du Gure Eskuk, bi aldeetan euskaldunak bizi direla eta aldarrikapen ugari dituen herria dela erakusteko. Gure Eskurentzat berebiziko garrantzia dauka bi ideia kontrajarri gurutzatzen diren espazio horretan herriaren izaeraren erakustaldia egitea, eta Euskal Herriko koloreak eta ikurrak presente egotea.
Euskal Herritarrak ekimenetara hurbiltzeko deia egin du Gure Eskuk, guztiak batera argi uzteko Euskal Herria erabaki nahi duen herria dela eta adierazi duten bezala “burujabe izan arte, pedalkadaz pedalkada, bidean aurrera jarraituko dugula”.