EPPKk KaleraKalera ekimena babestu eta bultzatuko du bere eztabaida abiatzear dagoenean
Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera aintzat hartuz eta datozen asteetan eginen diren mobilizazioei babesa emanez, EPPKk ohar baten bidez jakinarazi du eztabaida berri bat abiatuko duela.
2016-ko azaroak 10
EPPK-k bere eztabaida abiatzear duelarik, bi borroka-ekimen sustatuko ditu datozen hilabeteotan.
Lehen ekimena, Ibon Fernandez Iradi presoaren egoerari lotuta dago. Izan ere, azaroaren 24an Frantziako tribunal batean bere egoerari buruzko eztabaida burutu behar baita. Hori dela eta, aurtengo otsailean Lorentxa Guimonen kasuarekin bezala, Kolektiboak borrokaldi bat eramango du aurrera eztabaidaren aurreko astean, kaleko eragileekin bat eginez, kasu honetan Bagoaz-ek antolatutako ekimenekin eta bereziki azaroaren 19ko manifestazioarekin.
Hartara, azaroaren 14tik 19ra kartzela bakoitzeko batzarrak erabakiko du zein motatako ekimena garatuko duen aste horretan, eta zentzu horretan Estatu espainolean dauden Kolektiboko preso gaixoen egoera salatuko dituzte.
Euren senideek azaro eta abenduan zehar antolaturiko protesta eta salaketak ere babestuko dituzte, aipatu du EPPK-k bere oharrean.
Preso politikoen Kolektiboak onartu du espetxe barruan ekimen bateratuak antolatzeko zailtasunak dituela, baina horiek gainditzeko, burura eraman daitezkeen ekimenak zerrendatu ditu: barauak, bazka-errefusak, itxialdiak, propaganda ekimenak, instantziak, salaketa gutunak, …
Bigarren ekimena, abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra bitartean antolatutako “KALERA, KALERA, bakea eta askatasuna irabaztera!” ekimenarekin lotutakoa izango da. Usurbilen antolatuko den “Kalera guneak” preso politikoen gaia indar berriz jendarteratzeko ekimena izango da. Hilabete batez eta egunero-egunero presoen askatasunaren beharra presente egongo da Euskal Herriko txoko guztietan.
Horrelako ekimen baten aurrean EPPK-k borroka molde berri bat abiatzea planteatzen da. “Presoak barrura begira jartzen duten ohiko borroka moldeez gain, barrukook kalean presentzia biderkatua eta ahalik eta zuzenena izateko ahalegina egitea litzateke ekimenaren funtsa. Hartara, kanpoarekin komunikatzeko ditugun baliabideak erabiliko lituzke gutako bakoitzak norberaren eta kartzelaren berri emateko. Gutun, dei, dei grabatu, marrazki, bertso edo zernahi baliabide komunikatibo erabiliko genituzke bai Usurbilgo Kalera Gunearekin komunikatzeko, bai norberaren herri edo auzoarekin harremanetan jartzeko eta baita norberak dituen harreman pertsonalei ekimenaren berri emateko”.
Modu honetan gainditu nahi dute presoei herritarrekin harremanak izateko ezarritako mugak eta debekuak. “Kartzela eta kalearen arteko lotura biziagotzea, presoon presentzia kalean sentiaraztea, ekitaldi eta elkarretaratzeetan, senide eta lagunekiko ohiko harremanaren mugak hautsi eta herritarren artera agertuz, gure nahiak, gure borroka ametsak eta gure egoera azalduz”, adierazi du EPPK-k.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bi ekimen hauek eztabaida abiatzearekin batera burutuko dituela jakinarazi du ohar honen bidez.