Epaiketa politikoen amaiera eta espetxeratutakoen askatasuna galdegin dute Ezkabako gotorlekuan
200 pertsona inguruk hartu dute parte Irunerriko Herri Harresiak Ezkaba mendiko gotorlekura antolatu duen ibilaldian. Mendizaleek zutabeetan ekin diote ibilbideari Atarrabia, Burlata, Txantrea eta Antsoaindik eta 12:30ean elkartu dira gotorlekuaren sarreran. Han, ekitaldi politiko batean, memoria historikoa eta gaur egun pairatzen dugun jazarpen politikoaren arteko lotura egin dute.
2015-ko otsailak 22
200 pertsona inguruk hartu dute parte Irunerriko Herri Harresiak Ezkaba mendiko gotorlekura antolatu duen ibilaldian. Iruñerriko Herri Harresia eskualde osoko Libre asanblada guztien topagunea da. Mendizaleek zutabeetan ekin diote ibilbideari Atarrabia, Burlata, Txantrea eta Antsoaindik eta 12:30ean elkartu dira gotorlekuaren sarreran. Han, ekitaldi politiko batean, memoria historikoa eta gaur egun pairatzen dugun jazarpen politikoaren arteko lotura egin dute.
Ekitaldiaren hasieran Iñaki Alforjak hartu du hitza. “Ezkaba, la gran fuga de las cárceles franquistas” dokumentalaren egileak azaldu duenez, gotorleku hartako presoen %95 euren militantzia politikoagatik zuten preso hain zuzen: sozialistak, komunistak, anarkistak, abertzaleak… Alforjak gaur egungo egoerarekiko dauden hainbat paralelismo aipatu ditu, besteren artean, dispertsioa. Haren esanetan, Ezkabako preso politikoak iberiar penintsula osotik ekarriak ziren bezala, egunotan ere, Gobernu Espainolak politikan aritzeagatik preso diren nafar herritarrak sakabanaturik ditu.
Jarraian, Herrira eta Batasuna-ANV-EHAK sumarioetan inputaturik dagoen Jon Garay zuzendu zaie bertaratutakoei. Azken sumario horren epaiketa hastear da eta fiskalak 10 urteko gartzela zigorra eskatzen du 35 pertsonen aurka hiru alderdi politiko horietan jarduteagatik. Horietarik 6 nafarrak dira.
Jon Garayk ere, frankoren garaiko jazarpena eta gaur egun euskal independentismoak jasaten duena alderatu ditu: “Frankok salbuespenezko epaitegiak baliatu zituen errepresio politikoari nolabaiteko legezko itxura emateko. Eta PPk Entzutegi Nazionala eta terrorismoaren aurkako legedia baliatzen ditu bere ankerkeriak estaltzeko”. Salatu duenez, gizartearen zati bat errepresioak, kartzelak eta askatasun ezak mehatxaturik bizi da, “eta honek oraintxe bertan amaitu beharra dauka”. “Bestelako Nafarroa behar dugu –jarraitu du-, Nafarroa demokratiko bat, eskubide zibilak eta askatasun politikoa errespetatuko dituena”.
Gogora ekarri nahi izan du, gaur egunez, 44 inputatu nafar daudela euren jardun politikoagatik epaituak izateko zain eta beste bederatzi espetxean arrazoi horregatik beragatik. Horrez gain, Segikoak izateagatik epaituak izan ziren gazteen sententziaren zain gaude (28 epaitu zituzten eta fiskalak haietarik 16ren aurkako espetxeratze eskaerari eutsi dio, tartean zazpi nafar) eta baita Auzitegi Gorenak Herrikoen kasuaren inguruan emanen duen ebazpenaren zain. Era berean, aurreko astean jakin genuen Dabid Soto eta Aritz Ganboa nafarrei, beste hiru herritarrekin batera, seina urteko espetxe zigorra eskatzen dietela Askapena erakunde internazionalistako kide izatea leporaturik. Aipatu erakundea ilegalizatu nahi dutela ere kontutan hartu behar da.
Egoera honen aurrean, Jon Garayk beldurra, amorrua eta sumina energia positiboan bihurtzeko dei egin du. “Eta Ezkabako presoek egin zuten modu berean, guk, euren ilobek, irudimena, ausardia eta kemena baliatuko ditugu giltzapetu nahi gaituzten ziega hauetatik ihes egiteko”.
“Ez dute gu epaitzeko zilegitasunik -aipatu du- eta ez dugu euren espetxeratze agindurik onartuko. Hala ere, ez dugu kondenak etorri arte zain egoteko inolako asmorik. Horretarako, kondenak galaraziko dituen eta politika egiteko dugun eskubidea defendatuko duen harresi prebentibo erraldoi bat eratzea dugu helburu”.
Ildo horretatik, bertaratutakoak eskubide zibilen eta askatasunaren alde lanean jarraitzera animatu ditu eta pozik agertu da “marea laranja Iruñerrian hedatuz doalako”. Iragarri duenez, datorren larunbatean, otsailaren 28a, ekimenez beteriko eguna atondu dute Errotxapean Ibon Estebanen eta gainerako inputatuen absoluzioaren alde . Eta martxoaren 15ean aldiz, epaiketa politikoekin amaitzeko xedearekin, lipdub erraldoia burutuko dute Antsoainen.