Emakume presoei liburuak emateko bilketa kanpaina bat abiatu dute Iruñeko Hezitzaile Eskoletako ikasleek

Iruñeko Hezitzaile eskolako Gizarte Integrazioko 2. mailako ikasleek emakume presoen errealitatearen inguruan sensibilizazio proiektu berri bat jarri dute martxan martxoaren 8ari begira. Liburuak bildu nahi dituzte Iruñeko espetxean dauden emakumeei oparitzeko. Edozein liburu mota, edozein hizkuntzan idatzia: eskaera bakarra, liburuan hitz batzuk idaztea.

2021-ko martxoak 3

“Zer liburu oparituko zenioke kartzelan dagoen emakume bati?”. Galdera (eta gonbidapena) hori luzatzen dute Iruñeko Hezitzaile Eskoletako ikasleek. Martxoaren 8aren atarian, emakume presoen egoera modu honetan landu nahi izan dute, bere ikastetxearen komunitatea errealitate honetara hurbiltzeko.

Ikasle talde honek liburu bilketa abiatu du, izan ere, liburuak dira espetxetik ihes egiteko presoak duen baliabidetako bat. “Liburuek beren errealitatetik aldentzeko balio dute, baina baita hausnarketa eta eztabaida sortzeko ere”, iritzi dute ikasleek. Emakume presoek “gizartearentzat ikusezina den eta espetxe-sistemak diskriminatzen duen kolektibo” bat osatzen dutela aipatzen dute, eta euren egoeraren berri emateko bideo xume bat egin dute hainbat datu ematen.

Abiatu duten kanpaina honen helburua Iruñeko emakumeen modulua liburuz hornitzeko da. “Lorcak La Barracarekin egin zuen bezala, baina antzerkia herrietara eraman beharrean, espetxeetako emakumeei eskainitako liburuak eraman nahi ditugu. Proiektu honek espetxe barruan eta kanpoan eraldatu nahi du. Barruan, besteak beste, bere bizitzan libururik hartu ez zuten emakumeak lanean hastea lortzen du, eta kanpoan, zinemako eta telesailetako presoen estereotipoa hausten du eta hausnarketa eta enpatia pizten ditu”, diote.

Liburuak, espetxetik ihes egiteko baliabidea

Eta zergatik liburuak? Ikasleen esanetan, liburuak “morfina dira arimarentzat”. Espetxeko monotonia eta asperdura apurtzeko, bidai lagun onenak direlako.  “Konpainia. Maisu handiak eta babesleku handiak. Entretenitzen, irakasten edo eraldatzen ez dutenean, batzuetan bizitzaren nondik norakoa ere erabaki dezakete. Inoiz ez dakigu liburu batek nora eraman zaitzakeen, bere botereetan bakarrik sinesten dugu”, aipatzen dute.

Iruñeko espetxean (gainontzeko espetxeetan bezala), liburutegia dago, baina liburu hauek ez dira liburutegi horretan sartuko, baizik eta zuzenean emakumeen modulora sartuko dituzte. “Liburu hauek haientzat bakarrik dira, ez doaz liburutegi nagusira, beren moduluetan gordetzen dituzte”, eta horregatik haiei dedikatu nahi dizkiete, liburuetan hitz batzuk idazten. “Eskaintzak dira ekimenaren funtsa. Besarkada dira, zugan sinisten dut, kanpoan itxaroten dizut, norbaitek haietaz pentsatu duela erakustea. Espetxeak gizatasuna kentzen die pertsonei eta dedikazioek gizatasun horretatik zerbait itzultzen dute nolabait. Hemen balego, hausnartzen laguntzen dute, han barruan suspertu egiten dira”.

Edozein liburu mota onartuko dela azpimarratu nahi izan dute, eta hizkuntza guztietako liburuak behar dituztela aipatzen dute, nazionalitate askotako emakumeak daudelako espetxeetan.

Ikasleek espetxearen inguruan hausnar dezaten

“Zer liburu oparituko zenioke kartzelan dagoen emakume bati?”, luzatzen dute ikasleek. Eta erantzuna ez da erraza, zeren galdera horrekin batera, beste galdera batzuk egitera eraman zaitzake, leku deserosoetara, estutzen duten zapatetara. “Baliteke erantzunak zirkinik ez egitea, eta agian argituko zaitu, eta agian haserretu ere egingo zaitu. Seguru dagoen gauza bakarra da lotura bat sortuko dizula haiekin, eta horrek eraldatu egingo zaituela”, sinetsi nahi dute.

Liburuen bilketa martxoaren 8tik 10era eginen dute, goizez eta arratsaldez Hezitzaileen Eskolako atarian.

Gehiago