Elkartasun Eguna Kuria kalean isunduak izan ziren pertsonei sustengu ekonomikoa emateko

Iruñeko Arrano Elkarteak pasa den Sanferminetan Kuria kalean izan ziren istiluengatik isunduak izan zirenekiko elkartasun ekonomikoa bideratzeko eguna antolatu du urtarrilaren 14ean. Bazkari herrikoia eta kontzertuak antolatu dituzte isunei aurre egiteko.

2023-ko urtarrilak 5

“Azken sanferminak, atzera pauso bat izan dira Iruñea eta iruindarrendako”, diote Elkartasun Egun honen antolatzaileek. “Atzerapauso pentsatua eta bilatua, erabat planifikatua: Protokolo feministaren aurka jo eta bere zilegitasuna zalantzan jarri, Peñen irudia kakazten saiatu eta ekitaldiak oztopatu, Herri Sanferminetako txosnak debekatu, aniztasun kulturaleko elkarteei espaziorik ez utzi, harreman seguruen aldeko kanpainan ez parte hartu… finean, Navarra Sumaren hiri ereduarekin bat egiten ez duen edozein adierazpen herrikoi, espontaneo, zabal eta anitz kriminalizatu eta jazartzea”, ondorioztatu dute. Azken finean, Sanferminek duten “kutsu inprobisatu, kaletarra eta herrikoia” desagerraraztea dutela helburu uste dute, eta horretan kokatu dute Iruñeko Enrique Maya alkatea.

Kuria kalean Prozesioan eman ziren iskanbilen ondorioz isunduak izan ziren pertsonei elkartasuna adierazteko antolatu dute Elkartasun Eguna. “Tartean, gure elkarteko 4 bazkidek pairatu izan dute errepresio hau, eta beraiekiko elkartasuna adierazi eta dirua biltzeko (jada 12.000 euro ordaindu behar izan dute isunetan) antolatu dugu lehen ekimen hau, urtarrilaren 14an eginen dugun Elkartasun Eguna”, azaldu dute.

Arratsaldeko 14.30etan herri bazkaria eginen da (izena emateko arranoelkartea@telefonica.net idatzi behar da). Ondoren, 17.00etan Luziano arituko da, eta 20.00etan Rakatun musika taldeak joko du.

Gehiago