“Elkarrekin edozer dugu posible”, HatortxuRock 20. edizioaren 20 istorio

Iñaki Alforja zine zuzendariak dokumental batean bildu du Hatortxu Rock 20 posible egin zuen auzolan erraldoia. 20 pertsonaren istorioen bitartez, zuzendari iruindarrak elkartasun jaialdiaren aurreko zein bertako bizipenak bildu ditu. Eta tituloak ederki laburbiltzen du bertan bizitakoa. “Elkarrekin edozer dugu posible”. Azaroaren 30an estreinatuko da Iruñean.

2017-ko azaroak 20

“Argi geratu zen Lakuntzan elkarrekin aritzen garenean, indarrak batzen ditugunean, proiektu eta erronka handiena ere arrakastaz atera dezakegula aurrera”, diote HTX jaladiko antolatzaileek. Eta hori frogatzen duen dokumental honetan 20 pertsonaia aurkezten dira.

Hatortxu Rock 1999an jaiotako musika jaialdiak hasiera-hasieratik zituen helburuekin jarraitzen du: errepresaliatu politikoen egoeraren salaketa eta dispertsio politikak eragiten dituen gastu erraldoiei aurre egiteko, senideekiko elkartasun ekonomikoa. “Urrunketa sistematiko honek 28 urte bete ditu eta denbora honetan, gehien bat espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan zigorra betetzen duten senideak ikusteko ehunka kilometro egin behar dituzte astero. 16 pertsona hil dira bisita hauetara bidean”, gogoratzen dute antolatzaileek.

2017ko uztailean Lakuntzak hogeigarren edizioa hartu zuen. Lau egun, 85 musika talde eta milaka pertsonek osatu zuten sekula Euskal Herriak ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena. Hau 6.000 lagunen lan boluntarioari esker atera zen aurrera. Iñaki Alforja zuzendari iruindarrak haietako 20ren istorioak bildu ditu. 20 istorio hauek elkartasun proiektu honetan bat egiten dute, auzolana erreminta onena bihurtuz.

Aurkezpena azaroaren 30ean izanen da, Iruñeko Golem zineman. 20:00etatik aurrera izanen da proiekzioa eta sarrera doakoa izanen da.

Gehiago