Elizondoko osasun etxearen defentsan kalera aterako dira baztandarrak datorren igandean

2024-ko irailak 26

Elizondoko Osasun Etxeko egoerarekin kezkatuta, hainbat mobilizazio egiten ari dira Baztango Osasun Plataformak antolatuta. Atzo bertan, bizikleta martxa eta elkarretaratze jendetsua. Igandean manifestazioa eginen dute. «Denona dena ez badugu defendatzen eskubideak galtzen segituko dugu» azpimarratzen dute Plataformako kideek.

Iturria: Erran.eus

«Kezkatuta eta haserre». Halaxe daude Baztanen Elizondoko Osasun Etxeko egoera da zein den ikusita. Arazoa «aspaldikoa» dela diote, «eta jakina zen egoerak ez zuela hobera eginen». Bada, aitortu dutenez, «orain momentu latzenetako batean gaude». Aski dela erran eta mugitzea erabaki dute, «borrokatzeko tenorea» dela iritzita. Alde batetik, Baztango Osasun Plataforma sortu dute, eta bertzetik, hilabete honetan hainbat mobilizazio iragarri dituzte. Irailaren 29an, adibidez, manifestazioa eginen dute Elizondoko plazatik abiatuta. Gaiaren harira mintzatu dira Elizondoko Elena Arretxea Mitxelena eta Arraiozko Izargi Zumarraga Etxandi. Plataformako kideak dira eta egoera «larria» dela ohartarazi dute.

Noiz eta zergatik sortu duzue Baztango Osasun Plataforma? 

Elizondoko Osasun Etxeko egoerak kezkatzen gintuela eta, herritar batzuk elkartu eta abuztuaren 27rako herri bilkura antolatu genuen Nafarroako Osasun Plataformaren laguntzarekin. Hortik sortu zen lantaldea, eta Baztango Osasun Plataforma bezala izendatu dugu. Taldean hamasei lagun bildu gara.

Zein dira plataformaren eskaerak? 

Elizondon eta Elbeten bizi dugun egoerak piztu ditu alarmak, nahiz eta kezka gainerako herrietan ere nabaria den. Momentu honetan, lehenbiziko helburua baztandarroi dagozkigun osasun zerbitzu guziak bermatzea da, eta hori eskatzen dugu. Horrekin batera, osasun sistema publikoaren aldeko aldarria egin nahi dugu, kalitatezko osasun sistema edukitzea denon eskubidea izanik, jende guziaren esku egon behar duelako. Azken urteotan nabaria da osasun zerbitzuak pribatizatzeko dagoen joera. Hortaz, Nafarroako Osasun Plataformaren adierazpenekin bat eginez, osasun zerbitzuko enpresa pribatuei baliabide ekonomikorik ez bideratzeko eskatzen dugu.

Osasun zerbitzuan dagoen hutsunea ez da oraingoa. Hala ere, noiz sumatu duzue egoerak okerrera egin duela Baztanen? 

Urteak dira lehen arreta mailan gauzak makurtzen hasi zirela: pediatra falta izan genuen, medikuen joan-etorriak… Horrez gain, arreta espezializatuan ebakuntzetarako eta kontsultetarako itxaron-zerrenda luzeak… Arazoa aspalditik heldu da, eta jakina zen egoerak ez zuela hobera eginen. Orain momentu latzenetako batean gaudela erraten ahal dugu.

Zein da egoera? 

Egoera larriena Elizondon dago. Duela lau hilabete zeuden hiru medikuetatik bat joan egin zen eta ez zen bere ordezkorik etorri; gero bigarren bat ere joan zen eta mediku bakarra gelditu zen Elizondoko eta Elbeteko biztanleria osoarendako. Irailaren 13an hirugarren medikua joan zen, eta beraz, medikurik gabe gelditu gara.

Abuztuaren 27ko bilera irekian, jende aunitz hurbildu zen. Zer balorazio eginen zenukete? 

Egia errateko ez genuen espero hainbertze jende hurbilduko zenik. Bagenekien gai honek jendarte zabala kezkatzen zuela, baina hala ere, ez genuen pentsatzen halako arrakasta izanen zuenik. Jende aunitz elkartu zen. Horrek argi uzten du herrian kezka eta beldur handia dagoela, ez baita aurreikusten epe motzera egoerak hobera eginen duenik.

Bertze plataformekin elkarlanean ari zarete? 

Nafarroako Osasun Plataformarekin harreman zuzena dugu. Haiek urtetako esperientzia dute eta erakutsi dute mobilizazioek bere fruituak ematen dituztela.

Irailaren 29an manifestazioa eginen duzue. Zer helbururekin? 

Herritarron ezinegona, kezka, haserrea… erakusteko helburuarekin. Gure eskubideak aldarrikatu eta kalitatezko osasun sistema publikoa exijitu nahi dugu. Elizondoko plazatik abiatuko da, 12:00etan, baina horren aitzinetik hainbat ekimen egiten ari gara. Irailaren 11n  eta 18an, elkarretaratzeak egin ditugu Elizondoko Osasun Etxearen aitzinean. Irailaren 25ean, asteazkena, 18:30ean bizikleta martxa aldarrikatzailea eginen dugu Elizondoko plazatik abiatuta, eta 19:30ean elkarretaratzea Elizondoko Osasun Etxearen aitzinean. Irailaren  29an, igandea, manifestazioa eginen dugu.

Mobilizazio horiei begira, zer mezu emanen zenukete? 

Ahalik eta jende gehien elkartzea espero dugu. Horrela erakutsiko baitugu egiazki egoera arras larrian gaudela eta horrek kezkatzen gaituela. Hortaz, eta Nafarroako Gobernuak aditu dezan, jendarte osoari dei egin nahi diogu parte hartzeko.

Manifestazioaren ondotik, zer asmo dituzue? 

Lanean eta borrokan segitzea tokatuko zaigu, dagokiguna lortu arte eta osasun sistema publiko duina izan arte.

Euskaraz artatua izateko eskubidearen aldarrikapena aspaldikoa da. Gaur egun, aldarrikapen izaten segitzen du? 

Doike! Eskubide batzuk lortzeagatik, ez ditugu bertze batzuk alde batera utziko. Aldarrikapen hori ere aitzinera eramanen dugu. Medikua edo erizaina euskalduna bada eta norbaitek gazteleraz artatua izatea nahi badu, langile horiek bi hizkuntzetan lan egiteko gaitasuna dute. Alderantziz, ordea, ez da egoera bera eta euskaldunok euskaraz artatuak izateko eskubidea dugu. Administrazioaren borondatearen araberakoa da afera, orain arte planifikatzerakoan hizkuntza eskubideak kontuan hartu gabe aritu baitira maiz. 

Herritarrei eta administrazioari mezuren bat eman nahi diezue? 

Denona dena ez badugu denon artean defendatzen, eskubideak galtzen segituko dugu; beraz, borrokatzeko tenorea da!

Gehiago