Elizondoko nagusien egoitza publifikatu egin dute zerbitzuaren kudeaketa enpresa pribatuaren eskuetatik kenduta

Zahar etxeko langileak egoitzaren atarian bildu dira gaur goizean, 2009ko pribatizazioaz geroztik abiatu zuten borrokak emaitzak eman dituela aldarrikatzeko. Abenduaren 1etik aurrera, zahar egoitza kudeaketa publikoa izanen du.

2023-ko azaroak 28

Zaintzaren aldeko Greba Feminista Orokorraren atarian, Francisco Joaquin Iriarte zahar etxearen publifikatzea ospatu dute bertako langileek. LAB sindikatuak adierazi duenez, langileak «2009an Elizondoko egoitzaren pribatizazioaren kontra mobilizatu ziren, eta orduz geroztik, zaintza lanen pribatizazioak eragindako arazoei aurre egiteko borrokan aritu dira. IDEA enpresarekin etengabeko talkan egon dira, interes pribatuen aitzinean langileon eta egoiliarren interesak lehenetsiz. Baztango biztanle eta eragileekin batera, bertzelako zaintza eredu baten beharra exijitu eta aldarrikatu dute eskualdean».

Honi erantzuteko, Baztango Udalak zahar etxea publiko eginen zuela jakinarazi zuen, eta Zaintza Lanak Baztan SL enpresa publikoa sortu zuen kudeaketaz arduratzeko. IDEAren kontratua 2024ko ekainean etetea aurreikusia zuen patronatuak, baina etete hau aitzinatzea erabaki zuten enpresarekin desadostasunak izan ondotik. IDEA honen kontra agertu zen auzien epaitegian, baina epaitegiak ez du kautelazko neurria onartu eta, beraz, enpresa zerbitzutik kanpo geldituko da abenduaren 1etik aitzinera eta zahar etxea publiko bihurtuko da.

Sindikatuaren erranetan, «langile hauek erakutsi digute zaintza sistemaren eredu aldaketa premiazkoa dela, eta zerbitzuen pribatizazioari aurre egitea ezinbertzekoa dela. Borroka hau Euskal Herriko zaintza sistemaren eredu aldaketaren adibide esanguratsua da. Zaintza lanak negozio izan ez daitezen eta denon eskubide izan daitezen, duintasunez zaintzeko eta duintasunez zainduak izateko, Greba Feminista Orokorrera goaz».

Gehiago