Elizondoko Benito Menniko hiru eraikinetako bat hetsi nahi dutela salatu du ELA sindikatuak

Enpresak 133tik 121era murriztu nahi du ospitale zentroko ohatze kopurua, eta murrizketak plantillako 15 langile baino gehiago kaleratzea ekarriko luke. Horrez gain, zuzendaritza langileen hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari dela jakinarazi du Enpresa Batzordeak. Hori dela eta, ELAk elkarretaratzeak deitu ditu bihartik aitzinera murrizketak eta langileen egoera salatzeko

2024-ko azaroak 21

Iturria: Erran.eus

Elizondoko Benito Menniko Enpresa Batzordeak «kezka eta gaitzespena» adierazi dio zentroko zuzendaritzak ohatze kopurua murrizteko hartu duen erabakiari. Nafarroako Gobernuak Hermanas Hospitalariasekin kontzertatzen du zentroko kudeaketa eta gaur egun hiru bizikidetza unitate dituzte Elizondon. 2025era begira, «Bertiz eraikina hesteko asmoa du enpresak; erabiltzaile batzuk Baztan eta Bidasoa eraikinetarat mugituko dituzte eta gainerakoak Iruñeko zentrorat».

ELAk salatu duenez, «neurriak zuzenean eragiten die erabiltzaileei eta langileei». Alde batetik, «izugarri murrizten du erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea, batzuk lekuz aldatuko dituzte eta bertze batzuk gela partekatuetan pilatzera behartuta egonen dira».

Bertzetik, «plantillako 15 langile baino gehiago kaleratzea dakar, zainketan urteak eman dituzten langile kualifikatuak. Bertze langile kopuru bati kontratuko lanaldiak murriztu nahi dizkiete. Horrek, familia eta lana uztartzeko zailtasun handiak sortzeaz gain, egonkortasun ekonomiko eta profesionala eragozten die».

Hori dela eta, sindikatuak «gogor» arbuiatu du erabakia eta neurria alde batera uzteko eskatu dio enpresari, «erabiltzaileen familiei eta langileei eragiten ez dieten alternatibak bilatuz». Langileen desadostasuna adierazteko, atzo lehenengo elkarretaratze bat egin zuten, eta hurrengo egunetan beste hainbat mobilizazio eginen dira:

  • Azaroak 22, ortziralea, auto karabana 18:00etan herrian zehar.
  • Azaroak 27, asteazkena, elkarretaratzea 14:30ean Benito Menniren atean.
  • Azaroak 29, ortziralea, elkarretaratzea 19:00etan Elizondoko plazan.
  • Abenduak, 4 asteazkena, elkarretaratzea 14:30ean Benito Menniren atean.
  • Abenduak 5, ortzeguna, auto karabana 18:00etan herrian zehar.

Gehiago