Eliza, sexua gehien baloratzen duen instituzioa?

2014-ko martxoak 5

Zergatik niri haur eskolan ez zidaten kondoi bat zer zen erakutsi eta bai zapatetako lokarriak lotzen? Agian publikoa zelako eta alderantzizko praktika bakarrik eliza kristauak bideratzen dituen haur eskoletan gertatzen da? Hara! Zelako suertea duten egun haurtxo kristauek ba. Edo ez? Horren beharrezkoa da haur txiki batek kondoi bat zer den jakitea?

Bestalde, sexualitate bonbardaketaz ari dira hizketan… kontuz! Hau Siria izaten hasiko da, baina ez larritu, elizak gu guztiok babestuko gaitu. Bere “manual para ser un buen humano” atera eta listo, guztiak salbu…

Barkatuko didazue horren ironiko jartzea gaiarekin baina batzuetan sutan jartzen nau horrelako gauzak entzuteak, eta sexualitatearekin horrela jokatzeak.

Eliza kristauak ez duela ezer debekatzen ere esatera ausartzen dira. Orduan, zergatik ez digute emakumeoi gure gorputzarekin nahi duguna egiten uzten? Zergatik bi mutilek edota hiru neskek elkar musukatzen dutenean kritika zorrotzak jaso behar dituzte haien ahotik eta gu guztion gogoetatik? Egia da elizak ez dituela bere udaltzain propioak kalera bidaltzen, baina arduratu da mendeetan zehar gure burmuinak kutsatzeaz eta primerako lana egin du bai, gu baikara gure poliziarik zorrotzenak.

Egia da elizak ez dituela bere udaltzain propioak kalera bidaltzen, baina arduratu da mendeetan zehar gure burmuinak kutsatzeaz eta primerako lana egin du bai, gu baikara gure poliziarik zorrotzenak

Haiek izan dira, gainera, “ona” eta “txarra” zer den erakutsi digutenak eta jarraitutako bidea ere inposatu digutenak. Bestela, indigenei esan diezaietela, haiek heldu arte sarketa praktika atzetik izaten zen, baina noski hori ez zen batere gizatiarra eta haiek, misioetara joaten ziren elizgizonek, erakutsi zieten nola egin behar zen. Emakumea azpian eta gizona goian. Badakizue zertaz ari naizen ezta? Ez zenekitenek badakizue orain nondik datorren “misionero” famatua.

Maitasunaz ere mintzatzen dira. Besteak maitatzea garrantzitsuena dela, bestela ez dagoela ezer egiterik (eta gozatzerik imajinatzen dut). Baina orduan ea zeinek azaltzen didan, zergatik ez dute sexu berdineko emakume eta gizonak elkar maitatzen uzten? Agian lehenengoek, Adan eta Evak, horrela egin zutenez eta denok haien seme-alaba garenez haien geneak izanda,  gustu eta aukera berdinak izan behar ditugulako? Ba kontuz, ze tranpa txiki bat dago hemen.

Agian zuetako batzuek ez duzue ezagutuko, baina Eva egon aurretik beste emakume bat egon zen paradisuan. Adanekin batera sortu zuen jainkoak “bere irudi eta antzekotasunean”. Emakume hori Lilith da. Kasualitatez hau sagarrondoz betetako sorotik bota zuten ez zuelako beti “misioneroa”ren postura egin nahi. Noski, agian honek nahiago zuen Adanek bere ezpainekin klitoria miazkatzea eta elizak ezer debekatu ez bazuen ere, Adanek bere gau-mahaian “manual para ser un buen humano” zuen eta akabo Liliteh-en nahiak.

Amaitzeko bideoan aipatzen diren jokoaren hiru legeetatik batekin geratuko naiz. Modu paradoxiko batean, elizak horretara bideratzen ninduela jakin, nik aukeratu nuena. Bizitzara zabaltzea sexua.

Gehiago