Elikadura lokala eta ekologikoa bultzatzen duen “Bidazi” elkarteak diru-laguntza kanpaina abian jarri du
Bidasoaldeko kontsumo eta ekoizpen kontziente eta arduratsuaren aldeko elkarteak crowdfunding bat abiatu du kudeatzen duten azokan hozkailu pare bat erosteko eta bertako ekoizle eta produktoei bultzada emateko. 7.000€ lortu nahi dituzte.
2017-ko otsailak 14
Produktu ekologikoak saltzen diren azoka bat du Bidazik Beran, eta bertan produktu ekologikoak eta hurbilekoak aurki daitezke. Azoka hau duela hiru urte ireki zen, baina orain “jauzi” bat eman nahi dute produktu freskoen eskaintza behar den bezala bermatzeko, bi
hozkailu martxan jarriz. Horrela, ekoizleei produktu gehiago saltzeko aukera eman eta kontsumitzaileentzako eskeintza zabaldu egingo da. Hozkailu hauek martxan jartzeak suposatzen duen gastua ordaindu ahal izateko crowfounding kanpaina bat martxan jarri dute.
Bidazi elkartea Bidasoaldeko baserritar, familia eta ekoizle ttikiak elkartzen ditu, eta bere lan ildoen artean osasungarria den bizimodu bat bultzatzea, bertako ekonomia hobetzea, lanpostu duinak sortzea eta lehenengo sektorea biziberritzea aurkitzen ditugu.
Bidaziren filosofiaren ardatza, kontsumo eta ekoizpen kontziente eta arduratsua da, eta horren inguruan bertze hainbat arlo ere ukitzen ditu: energia berriztagarriak, banka etikoa, hondakinen gestioa, bidezko merkataritza, software librea, etab.
Bestelako eredu bat bultzatu eta jaten ikasteaz gain, formazioa ere ematen da, ikastaro, hitzaldi, irteera, tailerren bidez.
Horrez gain, sare lanketan ere lan egiten dute, inguruko nahiz Euskal Herriko kolektibitate eta elkarteetan parte hartuz.