“Elikadura Burujabetza eta Lurraren defentsa feminista batengatik” manifestua kaleratu dute
Pasa den asteburuan 100 emakume baino gehiago bildu ziren Mundu Bat eta Mugarik Gabek antolatutako "Lurra Sentituz" jardunaldietan. Iruñean eta Elizondon ospatu ziren jardunaldi hauek, eta manifestu bat kaleratu dute "Elikadura Burujabetza eta Lurraren defentsa feminista batengatik" izenburupean.
2019-ko abenduak 20
Lurraldearen defentsan (dihar)/(jar)duten mugimenduek mugimendu feministaren begirada modu erradikalean txertatu dezaten eta gure inguruko feminismoek lurrari eta landa eremuari sakonki lotu daitezen eta, aldi berean, gorputzaren borroka lurraldera zabal dezaten gure bigarren azala balitz bezala behar dugu.
Horretarako alderdi hauen inguruan ditugun borroka amankomunei buruz eta nola saretu gaitezkeen inguruan hausnartzen egon gara. Elkarrrekiko ezagutza eta errespetua oinarri izanda, feminismoa antiespezista eta elikadura burujabetzan diharduen feminismoa mahaigaineratu ditugu. Baztan aldera hurbildu gara ere, lurralde honekiko eta bertan bizi diren biztanleekiko sekulako eragina duten bi proiektu ezagutzeko: batetik, Erdiz herri-basoan Magna enpresak duen meategi proiektua eta bestetik, luxuzko hotela, ehundaka txalet eta golf zelai bat eraiki nahi duen Aroztegia proiektua. Baina, txanponaren beste aldea ere ezagutzeko aukera izan dugu: haien lurraldearen defentsan kolektiboki antolatzen diren pertsonak, hala nola, Erdiz Bizirik edo Aroztegia eta Gero Zer? Ana eta Amaia bezalako emakumeak ere ezagutu genituen, haien etorkizuna lurraldearen zaintza eta pertsonen elikagaien ekoizpena eskala txikiko eredu agroekologikoan ikusten dutenak.
Nafarroan nekazaritza intentsiboaren zabaltzea, monolaborantza edo pestiziden gehiegizko erabileraren ondorioz, baliabide naturalen galera pairatzen ari gara, gizakien osasunean ere sekulako eragina duena. Nekazaritza industrialak izaki bizidun askoren desagertzearen arduraduna izateaz gain, herri askoren zein nekazalgoaren desagertzearen arduraduna ere bada. Hirietako bizi estiloa hiri zein herrietan gailendu egin da, lurrarekiko lotura duen, naturaren erritmoa errespetatzen duen eta lurraldearen jakintza aintzat hartzen duen bizi estiloa erabat alde batera utziz.
Honengatik elkarrekin aldarrikatzen dugu:
• Beste eredu sozio-ekonomiko eta kulturala baterantz aldaketa, kapitalaren metaketa, gorputzen zein lurraldearen hondamendian eta aberastasuna esku gutxi batzuetan egotean oinarritzen ez den eredua.
• Elikadura burujabetza, agroekologia, ekonomia feminista, bertako sareen sendotzea, herrien arteko elkartasuna, elkarrekiko laguntza, horizontaltasuna eta biltzarretan oinarritutako ereduaren alde egiten dugu.
• Gure gorputzen, elikaduraren, lurraldeen, kolektibotasunaren defentsaren, landa eremuen, zerbitzu publikoen eta baliabide naturalen gain erabakitzeko eskubidea.
• Nekazal produkzioan, banaketan, salerosketa eta trukeetan, eraldaketan, elaborazio edo produktu osasuntsuen eskarian ekamukeek izan duten eta oraindik duten paper garrantzitsua.
• Zaintza lanen garrantzia aitortzea eta arduren banaketaren beharra, soilik emakumeengan ez egoteko.
• Lurra eta ura, bioaniztasuna eta haziak bezalako ondasunen esplotazio eta merkantilizazioa etetea.
• Lekarozeko Aroztegia bezalako proiektu espekulatzaile eta ustelkeria urbanistikoko proiektuak etetea.
• Erdizeko meategia edo Zangotzako Mina Muga bezalako proiektu erauzleak etetea.
• Yesa eta Nafarroako Kanala handitzearen etetea. Uraren pribatizazioa, lurrarekin inolako lotura duen nekazal eredua sustatu eta Nafarroan transgenikoen hedapena ahalbidetzen baitute.
• Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanen etetea, ingurumenean eta maila sozioekonomikoan duten eraginarengatik eta erabilgarritasun hutsalarengatik.
• Elikagaien ekoizbideak izateko baldintza berak emakume eta gizonentzat (lurra, ura eta haziak).
• Gazteek landa eremuan bizi eta lan egin ahal izateko erreztasunak.
• Feminismo komunitarioen eta hegoalde globaleko emakumeen ekarpenak ikuspegi dekolonialetik entzutea.
• Landa eremuko baldintzak prekarizatzen eta gehiegikeriak eta eraso sexualak zigorgabe uzten laguntzen duen
Atzerritartasun Lege arrazistaren indargabetzea. Inor ez da ilegala!
• Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) produkzio txiki jasangarrietan duen eragin suntsitzailea aitortzea.
• Nekazal Politika Bateratu berriak produkzio intentsiboan sakondu egiten du, elikadura merkantzia hutsatzat hartzen eta persona guztien oinarrizko eskubidetzat ez hartzen jarraitzen du.
• Makro-haztegien etetea; gizartean, ingurumenean eta kliman sekulako ondorioak eragiten dituztenak. Modu berean,
pilatuta bizi diren animalia hauek pairatzen dituzten tratu txarrak salatzen ditugu.
• Janaria erdigunean kokatzea bizitaren ezinbesteko atala bezala. Kontsumo arduratsu bat egitearen garrantzia onartu
egiten dugu eta erakunde publikoei erosketa publikoaren bitartez, bertakoak, eskala txikian sortutakoak eta irizpide
agroekologikoekin egindako protuktuak lehenestea eskatzen diegu.
• Landa eremuaren eta euskeraren arteko harremana herrien kultura eta ondare linguistikoa bizirik mantentzen laguntzen du.
• Elkarrizketa eraikitzalea feminismoen jarrera ezberdinen artean, antiespezista eta feminismo baserritarra eta herrikoiaren artean, alegia. Eztabaida eragiten du eta iritzi aniztasuneko eredu berri baterako erronkari heltzeko aberasten gaitu, non desadostasunak hazteko, elkarri entzuteko eta guztion artean eraikitzeko aukera diren.
