ELAk Nafarroako Hezkuntzaren Aldeko Itun Sozialaren eduki eta konkrezio falta salatu du

Hezkuntza arloko lan baldintzak adosteko mahaia osatzeko eskatu dio ELAk Hezkuntza Departamentuari.

2022-ko urriak 6

Gaur Parlamentuan egon den Eskola Kontseiluko lehendakariaren agerraldiaren harira, ELAk ezinbestekoa ikusten du Itun Sozialak afera batzuk kontuan hartzea, hala nola lan baldintzen hobetzea, euskararen presentzia akademikoa, kurrikulum propioa eta segregazioa murrizteko neurri zehatzak hartzea.

Hona hemen, itun proposamenaren hutsuneak aztertuta, sindikatuaren eskaera nagusiak:

1- Lan baldintzei begira:

    Egonkortasuna sistema publikoan: Hezkuntza publikoan behin-behinekotasuna 3 urtean %8tik behera kokatzeko ibilbide zehatz bat adostu behar da.

    0-3ko langileriari irakasle izaera onartu. Itunaren proposamenean garai honi hezkuntza izaera onartzen zaion heinean, bertako langile hezitzaileei irakasle izaera onartu behar zaie.

    Langileen birkokapen akordioa berreskuratu itunpeko sarean.

    Sistema publiko eta itunpekoen arteko lan baldintzen parekatzea eta hobetzea 5 urtean.

    Lanpostuak ugaritu behar dira kalitate handiagoko hezkuntza lortzeko.

    Langileen hautaketa sistema berrikustea: EPE eredu berri baterako trantsizioa adostu behar da.

    Itunpekoan kontratazioaren gardentasuna bermatu: Itundutako eskolen lan eskaintza guztiak eta hautagaien merituak publiko egiteko gunea osatu behar da.

    Gehiegizkoak diren ratioak murriztu zehaztasunez, orokorkeriarik gabe.

    Sindikatu guztien parte hartzea bermatu behar da, norberaren ordezkaritza errespetatuz. Ez da indar sindikal guztien parte-hartzea bermatzen Nafarroako Eskola Kontseiluan. Proposamenak jasotzen duen “eraketaren eguneratzea” horretara bideratu.

2- Hezkuntza ereduren eraldaketarako:

    Kurrikulum berria: Legeak jaso behar du kurrikuluma erabakitzeko eskumena Nafarroan egon behar duela, eta aurreikusi kurrikulum hori sortzeko prozesu parte hartzailea egongo dela. Gainera, erlijio konfesionala ordezkatu behar da munduko sineskera eta erlijioen ezagutza zientifikoagatik, eta Euskal Herriak izan behar du marko erreferentziala. Azkenik, adostutako kurrikuluma Espainiako Gobernuaren aurrean defendatzeko akordio soziopolitiko bat beharko da.

    Ikasmaterialak modu autonomoan sortzea.

    Euskarari bertako hizkuntza izanda, zor zaion errespetu akademikoa eman. Proposamenean euskararen ezagupenari buruz hitz egiterakoan, etengabe borondatezko izaera ematen zaio, atzerriko hizkuntzen derrigorrezkotasunaren aurrean. Hezkuntza sistemak nafar guztientzat gutxieneko euskararen ezagupen bat bermatu beharko luke, bi hizkuntz ofizial dituen gainontzeko erkidego guztietan gertatzen den bezala.

    Euskarazko murgiltze ereduan: Irakas hizkuntza izateaz gain, euskararen presentzia eskolaren jarduera guztietan (jantokian, eskolaz kanpoko ekintzetan, jolas orduen zaintzetan, autobus zerbitzuetan…) bermatzea, eta euskararen erabilera neurtzea.

    Atzerriko hizkuntzak izaera horrekin tratatu. Erabat okerrak demostratu diren PAI programak bertan behera uztea, irakas-hizkuntz bezala bertakoak erabiliz. Atzerriko hizkuntzetan gaitasun egokiena lortu, baina gainontzeko gaitasunetan galerarik sortu gabe.

    Publifikaziorako markoa: Eskola itundu-pribatu bateko komunitateak bere publifikazioa eskatuko balu, Hezkuntza Legeak prozesu hori gauzatzeko gutxieneko oinarriak jaso behar ditu. Horien artean egon beharko du langileen subrogazioa.

    Doakotasuna bermatzea:

            Ikuskaritza zerbitzuaren giza baliabideen indartzea itunpeko eskoletako hezkuntza doakoa dela ziurtatzeko.

            Finantzazio publikoa jasotzen duten eskolek kontuak publiko egin, eta “Gardentasun Mahai” bat sortu beharko da sindikatu, guraso elkarte eta alderdi politikoekin.

            Eskolaz kanpoko jardueren ordainketa modua argitu behar da.

    Segregazioarekin amaitzeko:

    ELAk sare publiko eta itunduetan dauden 25 ikasleko unitate edo gela bakoitzeko gutxienez 3 plaza erreserbatzearen aldeko apustua egiten du. Hau aurrematrikula eta matrikula egiteko aldian ez ezik, baita ikasturte osoan zehar ere, gerora matrikulatutako ikasleei lekua emateko, egoera horietarako hasieratik ratioa % 10 igotzea planteatu beharrean.

    Hiru urteko epean Europako batez besteko inbertsio publikoa bermatzea, ondorioz, Barne Produktu Gordinaren %4,7 bideratuz hezkuntzara, gutxienez.

ELAk Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio zehaztasunik gabeko itunak alde batera utz ditzala eta neurri argiak adieraziko dituen benetako itun bat jar dezala mahai gainean. Lan baldintzei dagozkion neurriak hezkuntzako mahai sektorialean landu behar dira eta horretarako aurreko urratsa Nafarroako Eskola Kontseiluan emanez gero, Hezkuntza komunitate guztiak zeresana izan dezan, organo horretan indar sindikal guztiek tokia eta hitza izan dezaten urratsak eman ditzala eskatzen diogu Gobernuari. Hori gertatu ezean, hezkuntza komunitateko beste eragileekin batera mobilizazioak sustatuko ditu, hezkuntza eredu propio baten alde eta kalitatezko hezkuntza bermatzeko lan-baldintzen alde.

Gehiago