ELAk jai egunetan merkataritza eta saltegi haundiak ez irekitzeko proposamena luzatu die Nafarroako Gobernuari, enpresei eta sindikatuei

Nafarroako merkataritza eta saltegi handien sektorean, lan banaketa astelehenetik larunbatera ezartzeko eta igandeak eta jai egunak egun baliogabeak izendatzeko proposatzen du sindikatuak.

2019-ko otsailak 25

Azken urtetan igande eta jai egunetako irekitzearen egutegia enpresariek aukeratu dutela eta Nafarroako Gobernuak baimendu egin duela gogoratu du ELAk. ELAren ustez, 4 urte hauetan “ez da aldaketa esanguratsurik egon, eta gaur egungo Gobernuarentzat (beste aurrekoentzat bezala) sindikatuok ez gara eragile adierazgarriak erabakiak hartzeko”. Era berean, “Estatuko Gobernuaren inposaketa delakoaren” argudioarekin, Nafarroako Gobernuak “erabateko ekintza falta jarrera batean” kokatu dela salatu du ELAk, “nahiz eta bere diskurtsoa irekieraren kontrakoa dela esan”.

Egoera honetan, ELAk esparru-akordio bat proposatzen du Nafarroako merkataritza eta saltegi handien sektorean, lan banaketa astelehenetik larunbatera ezartzeko eta igandeak eta jai egunak egun baliogabeak izendatzeko.

“Esparru-akordio batek daukan indar legala hitzarmen batena bezalakoa da (esparru-akordioak sektore ezberdinetan eragina daukalako). Beraz, hau sinatutakoan, enpresa guztiek eta hauen langileek derrigorrez bete beharko luke. Proposamen hau bete ahal izateko, beharrezkoa da sindikatu eta enpresen ordezkaritzaren gehiengoa”, esan du ELAk.

ELAren ustez “tresna honekin ez dago arrazoirik orain bezala ezer ez egin gabe jarraitzeko”. ELAk beste sindikatuei deialdia luzatzen die “aliantzak lantzeko proposamen hau benetako akordio bihurtzeko”.

Azkenik, patronalaren erantzuna ezezkoa baldin bada, sektoreko langileak antolatzera animatzen ditu ELAk.

Gehiago