ELAk greba mugagabea deitu du Vianako Defontaine Iberican enpresaren itxieraren iragarpena salatzeko
Defontaine Ibericako zuzendaritzak ostiralean enpresa itxi eta 37 langile kaleratuko dituela iragarri ostean, langileek enpleguaren aldeko greba mugagabea hasiko dute hilaren 26an. ELAren ustez deslokalizazio berri baten aurrean gaude, produkzioa Tunisiara eramango dutelako.
2021-ko apirilak 20
Vianako Defontaine Iberica enpresak motordun piezak egiten ditu bai autoentzat bai kamioientzat, eta gaur egun 37 pertsonak lan egiten dute bertan.
ELAk azaldu duenez, apirilaren 16an, bi abokatu bertaratu ziren enpresara, Defontaine Ibericaren Zuzendaritzaren ordezkari gisa jardun zutela esanez, eta langileen ordezkariei jakinarazi zieten arrazoi ekonomiko eta produktiboengatik kaleratze kolektiboaren prozedura hasteko asmoa zutela. Jakinarazpenak langile guztiak kaleratzeko iragarpena jasotzen du, eta, beraz, lantegia ixteko asmoa.
ELAren ustez “enpresa hori ixteak, ziurrenik, deslokalizazio kasu argia suposatuko du, Frantziako multinazionalak Tunisian lan bera egiten duen beste lantegi bat duela kontuan hartuta”.
Langileek, egindako batzarraren ostean, apirilaren 26an hasiko den iragarritako kaleratzeen aurkako eta enpresa eta eskualdeko industria sarea mantentzearen aldeko greba mugagabearen aurreabisua erregistratu dute gaur langileek.
ELAk Nafarroako Gobernuari eskualdeko eta Foru Erkidegoko industria-sarearen defentsan inplika dadila eskatzen dio, “iragarritakoa bezalako deslokalizazioak gerta ez daitezen”.