ELAk Bardeetan maniobrak egiteari betiko uzteko eskatu du

ELAk bere gaitzespena agertu du heldu den astean Bardeetan egin behar diren benetako suzko maniobrak direla-eta. ELAk salatzen du Gobernu espainiarraren erabilera militar hori Nafarroan, maniobra horiek ez baitute zerikusirik gure erkidegoaren interesekin, eta gainera arriskutsuak dira biztanle batzuendako.

2019-ko martxoak 26

Defentsa Ministerioak egin duen iragarpena, Bardeetan praktika militarrak egitearen truke ordaintzen duen kanonaren igoerarena, ez da albiste ona. Izan ere, 22 erakunde “kongozante” edo partaideen menpekotasuna handituko du, eta beraz praktiken amaiera zailduko da. Gainera, eta egiaztatu ahal izan dugunez, Ministerioak erabilera hori areagotu du, eta horren ondorioz Erriberako biztanleendako arriskua handiagoa izanen da, eta Biosferako Erreserban kutsadura zabalduko.
ELAk oroitarazi nahi du Bardeetakoak bezalako maniobra militarren atzean armen salerosketaren negozio lotsagarria dagoela, eta baita gerra-kulturaren sustapena ere. Mundu osoan zehar dauden gerra-gatazken ondorioz milioika hildako, ihesaldiak, goseteak… gertatzen dira.
Horregatik ELAk galdatzen dio Defentsa Ministerioari:
1. Oraingo maniobra hauek, “Sirio 19”, gure lurraldean eginen diren azken maniobrak izatea, benetako suarekin edo gabe.
2. Tiro-poligonoa berehala desegitea, eta pertsonal militarra Bardeetatik irtetea.
3. Tiro-poligonoaren esparrua kutsaduraz garbitzea, eta xehetasunezko azterlana egitea, ea lurrazala edo akuiferoak kutsaturik dauden edo gerora kutsatu daitezkeen jalkinen ondorioz.
Orobat, ELAk eskatzen dio Nafarroako Gobernuari eta Bardeetako Batzordeari:
1. Bardeak erabilera militarrerako emakida bukatzeko akzio politiko eta juridiko guztiak egikaritzea, eta nafarrek erabiltzeko eta gozatzeko uztea.
2. Defentsa Ministerioaren finantzaketaren etena berdintzeko, toki-administrazioei ordezko finantzaketa-planak eskaintzea.
Halaber, ELAk bat egiten du maniobrak bukatzea eta tiro-poligonoa desegitea helburu duten mobilizazio guztiekin.

Gehiago