ELAk Atarrabiako kirol instalazioetan lortutako hitzarmena pozez goraipatu du
Kirol Martiket Atarrabiako kirol instalazioen hitzarmen berriaren ildo nagusiak soldata-igoera, aintzinatasun-tarte berria eta indarraldian dagoen bitartean jardunaldiaren 60 orduko murrizketa dira.
2020-ko ekainak 25
Gaur, Udal Instalazio Publikoak kudeatzen dituen enpresa publiko honetako hitzarmena sinatu du ELA sindikatuak, Atarrabiako Udaletxearekin batera. Gaur egun, kirol Martiketeko errepresentazio sindikalaren %100-a dauka.
Akordio honen ondorioz, bertako lan-baldintzen hobekuntza nabaria emango da. Alde batetik, soldaten igoera orokorra egongo da, KPI-tik gorakoa. Bestalde, beste aintzinatasun-tarte bat zehazten da, enpresan 12 urte betetzean. Jardunaldiari dagokionez, indarraldian dagoen 3 urtetan 60 orduko murrizketa emango da. Horrela, sindikatuak etengabe aldarrikatu duen astean 35 lan-orduko jardunaldira hurbiltzen gara, langileek urtean 9 lanegun gutxiago izango dituztelarik.
ELA-k oso modu positiboan baloratzen du sinatutako hitzarmena, langile hauen lan-baldintzak langile publikoen baldintzetara gero eta gehiago hurbiltzen direlarik.
Modu berean, kirol kudeaketako instalazioen arloan, kudeaketa publikoaren defentsarako bidean urratsak ematen jarraituko dugu, hauetako lan-baldintzak hobetuz. Beste Udaletxeek haien instalazioetan mantentzen duten eredu pribatizatzailearen aurrean, guk zerbitzu publikoen aldeko borrokan jarraituko dugu. Administrazioek eskaintza ekonomiko onenera zerbitzuak esleitzen dizkieten bitartean, bai zerbitzu, bai lan-baldintzak okertzen jarraituko dituzte.