ELA: “UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik 10 urte igaro direnean, aldaketa gauzatu gabe dago”
ELAk balantzea egin du UPN Nafarroako Gobernutik atera zenetik 10 urte igaro direnean, eta aldaketa gauzatu gabe dagoela ondorioztatu du.
2025-ko urriak 6
ELA sindikatuak azterlan bat egin du Nafarroako Gobernua kolore politikoaz aldatu zenetik izandako bilakaera aztertzeko. Azterlan honetan jorratutako hamar gaien analisiak ondorio nagusi batera eraman du ELA: hamar urte ondoren, Nafarroan “aldaketa politikoa” deiturikoa amaitu gabeko zeregina da.
ELAk dio konsziente dela erronka horren zailtasunaz, eta uste du benetako aldaketa lortzeko ez dela nahiko instituzioetatik egiten den lana, eta ezinbestekotzat jotzen du herri mugimendutik egin beharreko presioa. “Baina errealitateak erakusten du, fiskalitatea bezalako funtsezko eremuetan, aldaketa ez dela hasi ere egin. Azken hamarkadan ezberdintasunak eta pobrezia arriskuan dauden pertsonen kopuruak gora egin dute BPGa % 41,5 hazi den bitartean, etxebizitza eskuraezina da oraindik gizartearen zati handi batentzat, lan-osasuneko politika elkarrizketa sozialaren esku utzi da eta Nafarroa da laneko heriotza gehien dituen erkidegoa, osasunean eta hezkuntzan egindako inbertsioa Europako batez bestekoa baino 900 milioi txikiagoa da, hizkuntza politikak euskararen erabilera normalizatu gabe jarraitzen du, eta berotegi efektuko gasen emisioa handitu egin da”, laburbildu dute ELAko ordezkariek.
Hainbat alorretan izandako aurrerapenak nabarmendu nahi izan dituzte, hala nola, memoria demokratikoan, torturaren biktimen aitortzan, Skolae programaren ezarpenean edo aniztasun kultural eta politiko handiagoa onartzean. “ELAk positibotzat jo ditu urrats horiek, baina betiere azken hamarkadako politiken kudeaketa globalaren ikuspegitik. Horregatik, ezin ditugu partekatu egiteke dauden zereginen garrantzia erlatibizatzen duten diskurtsoak”.
ELAk gogoratu nahi izan du nola 2015 arte UPNk, PSNk, patronalak, UGTk, CCOOk eta Opus Deik osaturiko blokeak “Nafarroaren ikuspegi bakarra ezarri zuen, sektore herrikoi eta abertzaleekiko bazterketa eta jazarpena sortuz, diru publikoarekin elite ekonomiko eta politikoen alde eginez, murrizketa sozialak aplikatuz eta CAN deseginez. 2008ko krisiak murrizketak eta ustelkeria kasuak areagotu zituen, eta horrek erakunde sozialen eta sindikalen antolaketa bultzatu zuen. Borroka ziklo hori hainbat mobilizaziotan eta sei greba orokorretan (2009-2013) islatu zen, eta UPN boteretik kentzen lagundu zuten. ELAren ustez, desberdintasun sozialak erreproduzitzen dituzten, sektore pribilegiatuei mesede egiten dieten edo euskararen normalizazioa eragozten duten politikak zuzenduko dituzten egiturazko aldaketak bultzatzeak azterketa kritiko batetik abiatzea eskatzen du”.
