ELA, UGT eta CCOOk Dornierreko langileak grebaren bezperan “saldu” dituztela salatu du LAB sindikatuak
Langileen erosteko ahalmena defendatzeko Enpresa Batzordeak eginiko greba-deialdia baino ordu batzuk lehenago, greba bertan behera uzteko akordio bat lortu dute enpresarekin ELA, UGT eta CCOO sindikatuek, 2022rako %2ko soldata igoera eta 2023rako %2,5eko soldata igoera jasotzen dituena. LAB sindikatuaren hitzetan akordio honek "plantilla pobretzera kondenatzen" du. LABek ondoko komunikatua kaleratu du:
2022-ko martxoak 18
Langileen erosteko ahalmena defendatzeko Enpresa Batzordeak eginiko greba-deialdia baino ordu batzuk lehenago, greba bertan behera uzteko akordio bat lortu dute enpresarekin ELA, UGT eta CCOO sindikatuek, 2022rako %2ko soldata igoera eta 2023rako %2,5eko soldata igoera jasotzen dituena eta, beraz, plantilla pobretzera kondenatzen duena. Dornier enpresako langileek, Iruñeko eremu urdineko kontrolatzaileek, 1.200 €-ko soldatak dituzte, eta, horregatik, KPIari erreferentziarik egiten ez dion soldata igoerak urtetik urtera pobreagoak izatera kondenatzen ditu.
LAB sindikatuak oso modu negatiboan baloratzen du Dornier enpresa eta Enpresa Batzordearen gehiengoaren artean lortutako akordioa (ELAko 3 ordezkarik, UGTko 3 ordezkarik, LABeko 2 ordezkarik eta CCOOko 1 ordezkarik osatzen dute), ez baitu lortu langileek hitzarmena negoziatzeko proposatutako helburuetako bat ere.
Salatzekoa da langileek ez dutela akordio hori berretsi, astelehenean gelditzeko eta mobilizazioekin hasteko prest baitzeuden. LAB sindikatuaren iritziz ulertezina da Dornierreko langile guztiak grebara deitzeko prest egon ondoren greba bertan behera geratzea, haiek kontuan hartu gabe. Gure ustez, zentzugabekeria da Enpresa Batzordearen gehiengoak plantillari bizkarra emateko erabili duen modua.
Langileek KPIa aintzat hartzen zuten soldata igoerak lortzea zuten helburu; izan ere, KPItik aldentzea eragiten du, 100 €-ko soldata igoera izan beharrean, 28 €-koa izatea, eta, aurreikuspenen arabera, gauza bera gertatuko da datorren urtean.
Eta LABetik desmuntatu egin nahi dugu ELA, UGT eta CCOO sindikatuak akordio hori onartzeko ematen ari diren argudio bakarra, hau da, hitzarmenak ultraktibitatea izatea lortu izana; izan ere, alde batetik, lan-erreformak hitzarmenetarako ultraktibitate mugagabea jasotzen du, eta ikusteko dago epaitegietan zer gertatzen den, baina, batez ere, ez delako egia hitzarmena ultraktibatuta ez egoteagatik langileen soldatak jaisteko arriskuan geratzen direla.
Azkenik, salatu nahi dugu akordio honetan bi aldeen konpromisoa jasotzen dela antzinatasunaren eta absentismoaren puntuak berrikusteko, eta horrela ate arriskutsu bat irekita uzten dela enpresak hasieratik izan duen baldintzak okertzeko asmoa lor dadin.