ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek Nafarroak gutxieneko soldata propioa izateko benetako aukera defendatu eta posible egiteko deia egin dute
EH Bilduk eta Geroa Baik Nafarroak bere Lanbide arteko Gutxieneko Soldata finkatzeko eskumenak izateko Lege Proposamena Parlamentuan erregistratu zuten. Ekimen horren aurrean, Nafarroako Gobernuak inongo zorroztasunik gabeko txosten bat egin du, nafar langileen beharrak eta errealitateak aintzat hartzen ez dituena, lege proposamenaren tramitazioarekin ados ez dagoela adieraziz. Hala ere, ekimena sustatu duten sindikatuek oztopoen aurrean benetako aukera dagoela nabarmendu dute, eta hori defendatzera eta posible egitera deitu dute, martxoaren 17ko Greba Orokorraren deialdiarekin bat eginez, Parlamentuak legea onar dezan lortzeko.
2026-ko otsailak 24
Lege Proposamenak Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzeko aurkeztu zuten EH Bilduk eta Geroa Baik, Autonomia Erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezarri ahal izateko. Langileen Estatutuaren aldaketa hori lortzeko, lehen urratsa da Nafarroako Parlamentuak foru-lege bat onartzea Estatuko Gobernuari eskatzeko Madrilgo Kongresuan estatu-lege bat susta dezala, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluak jasotzen duen bezala.
Ondorioz, EH Bildu eta Geroa Bairen lege-proposamenean jasotzen dena legezkotasuna du, Parlamentuko zerbitzu juridikoek 2025eko urtarrileko txostenean egiaztatu zutenez. Gainera, ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxaldek proposatutako formularen arabera, autonomia-erkidegoek bakarrik erabili ahal izango dute mekanismo hori Estatukoa baino gutxieneko soldata handiagoa ezartzeko, eta Estatuak eskumen esklusiboa mantenduko du gai horretan.
Sindikatuen iritziz “onartezina eta ulertezina” da proposamena aintzat ez hartzea. Nafarroako Gobernuari leporatu diote “jarrera beligerantea” izatea lan-merkatuko kolektibo ahulenenekiko. “Proposamenak soldatak hobetzen ditu eta gure lurraldeko aberastasunaren banaketa bidezkoagoa bultzatzen du, Nafarroako bizi-kostuarekin koherentea da eta autogobernuan oinarritzen da. Herritarrek zabal eta zorrotz babesten dute eta Nafarroako erakunde guztiek defendatu beharko lukete ere”.
Bestetik, sindikatuek gogoratu dute ekimen honek “ez duela inola ere zalantzan jartzen pertsona guztien duintasuna bermatuko duen gutxieneko soldata finkatzeko Estatuak duen eskumen esklusiboa”, eta azpimarratu dute Estatuko gainerako lurraldeak “kontuan hartzen dituen arrazoizko proposamena” dela “ezin izango bailitzateke erabili beste eskualde batzuetako langileei kalte egiteko”. Horregatik kritikatu dute PSN eta Contigo-Zurekin alderdien jarrera, eta CEN, UGT eta CCOO eragileei “Nafarroako herritarren interesen kontra” aritzea leporatu diete “modu alderdikoi eta korporatiboan jokatzea” erabaki dutelako “gehiegizko zentralismo espainarra defendatuz, nafar izate hutsagatik kalte egiten diguna”.
ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxaldek eskatuta, EH Bilduk eta Geroa Baik Parlamentuan erregistratutako lege-proposamenak “aukera errealak” dituela onartua izateko gogoratu dute, eta Nafarroak bere testuinguru ekonomiko eta sozialera egokitutako gutxieneko soldata baten inplementaziorantz aurrera egiteko bidea dela. “Hori lortzeko, funtsezkoa da borondate politikoa, eta UPN, PSN eta Contigo-Zurekin alderdi politikoak deitzen ditugu hura haien gain hartzera. Herritarren babes aktiboa nahitaezkoa da ere, batez ere langileena, funtsezkoak baitira ekimen hau defendatzeko. LGS propioa onartzeko aukera mahai gainean egotea 2025ean zehar mobilizatu diren eta martxoaren 17ko Greba Orokorraren inguruan aktibatzen eta antolatzen ari diren langileei esker da, eta haien garaipena. Jarraitu beharreko lana”.
