ELA eta LAB sindikatuek Gutxieneko Soldata propio bat eskatzeko probestuko dute Maiatzaren Lehena

ELAren manifestazioa 11:30etan abiatuko da Iruñeko Askatasunaren plazatik "Gutxieneko soldata hemen erabaki" lelopean, eta eskaera horri Erorien Monumentua eraistea gehituko zaio. LAB, bere aldetik, bi mobilizazio eginen ditu Nafarroan Langileen alde lelopean: Iruñean (12:00etan Gazteluko plazatik) eta Tuteran (12:30ean Foruen plazatik).

2025-ko apirilak 15

ELAk “Gutxieneko soldata, hemen erabaki” lelopean ekingo dio aurtengo Maiatzaren Lehenari, sindikatuak euskal gehiengo sindikalarekin batera udaberri honetan egiten ari den kanpainarekin bat eginez.

ELAk gogorarazi duenez, “negoziazio kolektiboko emaitzek eta prekarietatearen aurkako borrokak ELAren kontraboterearen ereduaren apustua berresten dute, eta Nafarroarentzat LGS propioa aldarrikatzea beste tresna bat da bide horretan, bokazio soberanista argia duena”.

Duela hilabete batzuk iragarri zuen ELAk 1.795 eurotan ezartzen duela LGSa aberastasuna modu bidezkoagoan banatzeko. Milaka langile daude soldata kopuru horretatik urrun dutenak, bereziki sektore feminizatuetan eta arrazizatuetan, kasu askotan funtsezkoak direnak, pandemian frogatu zen bezala.

Hain zuzen ere, ELArentzat lehentasuna lan baldintza txarrenak dituzten pertsonen soldata hobetzea delako, ELAk lanbide arteko akordioa sinatzea proposatu die CEN, UGT eta CCOO erakundeei, Nafarroak lanbide arteko gutxieneko soldata propioa izan dezan. “Hala ere, CEN, UGT eta CCOO bat etorri dira aukera hori baztertzeko, elkarrizketa sozialaren barruan negoziatu nahi duten gaia dela argudiatuta”, salatu du sindikatuak, eta beste sindikatu batzuekin batera, sinadurak bilduko ditu Nafarroako Parlamentuak LGS hemen erabakitzea eska dezan.

“Posiblea da, baina ez dute Gutxieneko Soldata propio bat”

LAB sindikatuak ere Maiatzaren Lehena probestuko du gutxienengo soldata propio bat aldarrikatzeko. Azken urteotako “borroka sozial eta sindikalei esker” agenda politikoan nafar langileontzat “garrantzitsuak diren gaiak” kokatu direla dio LABek, baina eztabaida hauek “faltsuan ixteko” arriskua dagoela ohartarazi dute. “Maria Txibite lehendakariaren gobernuari negoziatzen duguna aurrera eramateko determinazioa falta zaio”, salatu dute, eta akordioetara iristeko kontseilari batzuen “borondate falta” ere kritikatu dute. Txibiteri leporatu diote “jarrera alderdikoia” izatea “CENeko enpresarien, eta UGT eta CCOO sindikatuen interesak defendatzeko gutxieneko soldata propioaren eztabaidaren aurrean”. Gutxieneko Soldata propioaren harira, “posible eta legala” dela azpimarratu du, baina CEN patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek horretarako borondaterik ez dutela arbuiatu du LABek.

Militarismoaren gorakada

Bai ELAk eta bai LABek nazioarteko testuingurua hartu dute kontutan langile klasearentzat garrantzitsua den hitzordu honetan. LABek dio egoera “geroz eta korapilatsuagoa” dela. “Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da, krisi ekologikoak, militarismoak, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekaritatearen hedapenak adierazten dutenez. Testuinguru honetan, are eta garrantzitsuagoa da Euskal Herriak, Nafarroak ahalik eta burujabetza handiena izatea, bizitza erdigunean jarriko duen eredu sozioekonomikoa eraikitzeko.”

ELAk ziurtatzen du sindikatua “irmo” agertuko dela Europak sustatutako militarizazio-prozesuaren aurka, estrategia hau bakerako demokraziarako eta eskubide sozialetarako “mehatxu bat” delako. “Potentzia nagusiek euren enpresa handien interesak defendatzen dituzte, gerra mehatxua erabiliz baliabide natural, ekonomiko eta komertzialak kontrolatzeko “.

Horregatik, ELAk berdintasunaren, justizia sozialaren, bakearen eta antimilitarismoaren balioak aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean, Palestinako herriari elkartasuna adieraziz eta Israelgo Estatuak egiten duen genozidioa salatuz. Eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko saiakera horretan, ELAk memoria demokratikoa aldarrikatuko du Iruñeko Erorien Monumentua eraistea eskatuz.

LAB: Industria politikaren transizioa

LAB sindikatuak oso kezkatua agertu da Nafarroako industriaren egoeragatik. Azken asteetan albiste oso txarrak jaso egin dira lan sektore honetatik, eta horregatik transizio bat proposatu du eremu honetan. Industria politikari dagokionez, hiru irizpidetan oinarritutako trantsizioaren alde proposatu du LABek: planifikazioa, esku hartze publikoa (baita enpresen jabetzan ere) eta langileen parte hartzea. Ildo honetan, armagintzaren aldeko diskurtso enpresarial eta instituzionalak kritikatu ditu LABek. “Nafarroako susperraldi industriala ezin da armagintzan oinarritu, militarismoak bizitzaren suntsipena, larrialdi ekologikoaren azkartzea eta murrizketa sozialak dakartzalako”, esan du LABek. “Nafarroak lidergoa hartu behar du trantsizio ekosozialean, hortik etorriko da gure herrialdeko industriaren etorkizuna”.

Gehiago