Ekitaldi nazionala eginen du HTX-ek uztailaren 30an Lakuntzan, jaialdiko azken egunean
Dispertsioaren kontrako ekitaldi nazionala egingo du Hatortxu Rockek uztailaren 30ean, 13:00ean, Lakuntzan. Hatortxu Rock 20ren azken egunean, igandean, sarrerarik ordaindu beharrik ez dagoen egunean, sakabanaketa eta urrunketarekin amaitzeko ekitaldi nazionala antolatuko du.
2017-ko ekainak 27
28 urte dira espainiar eta frantziar estatuek dispertsioa martxan jarri zutela, eta 20 edizio bete ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak politika honek eragiten dituen gastu ekonomikoei aurre egiteko. Elkartasun ekonomikoa helburu, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eta haien senideen defentsan jaio zen Hatortxu Rock jaialdia, eta 20. edizioan politika honen aurkako aldarria lau haizetara zabaldu nahi dute Lakuntza epizentroa izanik.
Gaur egun ia 340 euskal preso politiko daude espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta eta jaialdi honen antolatzaileen ustetan “bada garaia Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren ondorioak gainditzeko”.
“Gatazkari konponbidea aurkituko bazaio errepresaliatu guztiak etxean, bizirik eta aske behar ditugu”, idatzi dute kaleratutako manifestuan. “Aski da! Mendeku kilometroekin amaitu beharra dago. Hau konpondu beharra daukagu, ehunka, milaka pertsonaren sufrimenduarekin amaitu beharra daukagu”.
Uztailaren 27tik 30era Hatortxu Rock 20 eginen da Lakuntzan, “herri honek ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena”, eta bereziki garrantzitsua izanen da uztailak 30, azken egunean, Hatortxu Rock 20ren barne egingo den ekitaldi nazionala. Bertan alderdi politiko, sindikatu, eragile, herri mugimendu zein norbanako orori parte hartzeko deia luzatu die HTX Rock-ek. Egun osoko egitaraua izanen da ere egun honetan, eta sarrera doakoa izanen da.