“Ekin auzia” delakoaren epaiketa maiatzaren 17an hasiko da
Auzipetuak Eneko Compains, Joxe Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Rosa Iriarte, Egoitz Garmendia, Sandra Barrenetxea, Urko Aierbe, Ugaitz Elizaran eta Erika Bilbao dira, eta beren aurka 9 eta 14 urteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte.
2015-ko azaroak 22
2010eko irailean Ekin antolakundeko kide izatearen salaketapean atxilotutako bederatzi lagunei Auzitegi Nazionalak epaiketaren data ezarri die. Epaiketa datorren urteko maiatzaren 17an hasi, eta ekainaren 2ra arte iraungo du, auzipetuek atzo salatu zutenez.
Prentsa oharrean, auzipetuek beren atxiloketa, tortura, espetxeratzea eta, orain, epaituak izatea salatu dute. «Euskal Herriaren aldeko gure militantzia politikoa zigortzeko helburua besterik ez duen prozesua da hau, gure aurretik izandakoak, eta, zoritxarrez, gurearen ondoren oraindik izango diren jazarpen-prozesuak bezala», gaineratzen dute. Euren aurkako frogak «torturaren bidez asumitzera derrigortutako inkulpazioetan oinarrituta» daudela nabarmendu nahi izan dute.
(Iturria: Gara)