Ekhi Petriati: “Etorkizun desiragarriak irudikatuko ditugu Emakume Abertzaleen Topaketa Feministetan”
Azaroaren 16an eginen da Bilgune Feministek antolatzen duten jardunaldiaren X. edizioa Laudion (Araba), eta izen-ematea oraindik irekita dago.
2024-ko azaroak 5
Ikuspegi feministatik etorkizun desiragarriak irudikatzeko ariketa izanen da datorren azaroaren 16an Laudion (Araba) eginen den Emakume Abertzaleen X. Topaketa Feminista. Ekhi Petriati Iruñerriko Bilgune Feministako kideak Euskalerria Irratian argitu moduan, “noraeza nagusi den honetan, etorkizun desiragarriak marrazteko erronkari heldu nahi diogu”.
Euskal Herriko Bilgune Feministek bi urtez behin antolatzen duten jardunaldirako izen-ematea zabalik dago oraindik, azaroaren 9ra arte. Egun osoko egitaraua izanen da. Hala, Hitz egin dezagun kapitalismoaren bukaeraz mahai-inguruarekin ekingo zaio topaketari, harrera egin ondoren. 13:00etan ariketa performatibo kolektiboa eginen da kiroldegian eta, bazkariaren ondoren, talde ariketari ekingo zaio. Antolatzaileek adierazi bezala, “gaur egun Euskal Herrian eta munduan ditugun erronka konplexuei galderak eta erantzun posibleak bilatzeko” helburua izanen du ariketak. “Amesten dugun mundu berri hori sortzeko narratiba eta iruditeri berrietan pentsatu eta galdera berriak egin nahi ditugu”.
Ariketaren ondotik ekitaldi politikoaren unea izanen da, herriko plazan arratsaldeko 20:00etan. Berba Labanakaz, DJ Azkura eta DJ Latxirongaren emanaldiak bilduko dituen bestarekin emanen zaio amaiera topaketari, 22:30ean Faktorian.