Ekainaren 10an manifestazio nazionala izanen da Bilbon erabakitzeko eskubidearen alde

Gure Esku Dago ekimenetik prest agertu dira "erronka berriei" ekiteko eta zentzu horretan aurrerantzean ere "anbizio eta determinazio berarekin" lanean jarraituko dutela esatearekin batera, Herritarron Ituna deitutakoa aurkezteko ekainearen 10an Bilbon eginen den mobilizazioaren berri eman dute gaur.

2017-ko martxoak 25

“Euskal herritarrok gure etorkizuna elkarrekin irudikatzeko eta egikaritzeko” mobilizazioa izanen da ekainekoa. “Orain arte egindako lana, lortutako adostasunak eta piztutako ilusioa ekimen berean bilduko ditugu ekainaren 10ean Bilbon”, esan dute.

Bilbon bilduko diren guztien artean galdera ikur erraldoia osatuko da Euskadi Plazatik Eliptika plazaraino, eta mobilizazioaren amaieran, Herritarron Ituna aurkeztuko dute.

“Ekainaren 10ean erabakiaren bueltan jarri nahi dugu herri hau dantzan. Herriz herri garatzen ari garen norabidean; galderak batzen gaituelako, galdera delako gakoa eta erantzuna gure baitan dagoelako. Sinesten baitugu hautetsontzi propioa eraiki behar duela herri honek. Berezkoak dituen korapiloak askatzeko bide emango duen hautetsontzia ari gara eraikitzen, berezkoak ditugun korapiloak askatuko dituen galdera behar dugu eraiki herritar denon artean. Estatus politikoari buruz erabakitzeko nahia erakutsiko dugu euskal herritarrok ekainaren 10ean”.

Herritarron Ituna erabakitzeko eskubidearen alde sortzen ari diren forma eta eduki anitzeko adierazpen guztiak bilduko dituen ituna izanen da.

“Herritarron erabakitzeko prestutasuna eta borondatea erakusten ari gara egindako eta egitear dauden galdeketen bitartez. Galdeketen bitartez, praktikaren bitartez, Herritarron Ituna osatzen ari gara, itun demokratikoa, gure erakunde eta eragileekin elkarlanean. Erabaki oro herritarron esku jarriko duen ituna izatea du helburu”.

Herritarron Itunean euskal herritarrek erabakitzeko zein oinarri adostu dituzten eta nola erabaki nahi duten jasoko da. Eta ekainetik aurrera, erabakitzeko eskubidearen aldeko Herritarron Ituna oinarri, Euskal Herriko eragileen itunari bide emateko lanketa hasiko da, Euskal Herri mailako ituna osatu dadin.

“Erabakitzeko eskubidearen aldeko indar guztiak batzea dugu xede. Eta ekainaren 10ean elkarrekin zer egitera iritsi gaitezkeen irudikatu nahi dugu”, adierazi dute Gure Esku Dago ekimenetik.

Gehiago