EITB, Nafarroa eta arrakastarik eza
2015-ko otsailak 10
ETBn euskarazko edukiak indartzeko legez besteko proposamena aurkeztu zuen EH-Bilduk joan den urteko azaroan. Zoritxarrez, azkenik abenduaren 17an Eusko Legebiltzarrak onartu zuen testuan, desagertu egin zen jatorrizko idazkiko puntu zehatz eta neurgarri bakarra, alegia:
“EITBk ETB1en eta ETB3n saio mutuak euskarazko saioekin ordezka ditzala”.
Hemendik 6 hilabetera programazio kontsolidatua, erakargarria eta euskara sustatuko duena aurkezteko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak EITBri. Baina nork eta zeren arabera erabakiko du programazio berriak euskara sustatzen duela, irizpide neurgarririk gabe?
Euskaldunok ezin konpondu dugu ETBrekin ditugun arazo nagusiak: Nafarroan, normaltasunez ikusteko aukera, eta, Euskal Herri osoan, euskarazko telebista publiko arrakastatsu bat izatea.
Nafarroa: 2008tik marrazki bizidunik gabe, eta ETB gero eta bazterrekoago.
2008an ETB3 jaio zen, haurrentzako euskarazko telebista. Baina digitalki bakarrik ikus daiteke, eta horrek ekarri du Nafarroan (zatirik handienean) 6 urte igarotzea euskarazko marrazki bizidunik gabe. Oraingo haurrek 40 urteko euskaldunek baino egoera okerragoa izan dute alde horretatik.
2013an, Euskal Telebista, Nafarroako euskaldunak gogoan, ETB3ko edukiak ematen hasi zen ETB1en emisio analogikoan, goizetan bakarrik.
Eta, berriki, Iruñerrian emitituko duen Xaloa Telebistak eta ETBk hitzarmena egin dute, arratsaldeetan euskarazko marrazki bizidunak emateko.
Ekimen txalogarriak dira, baina hala ere, ETB3 ikusi nahi dugu, haurren euskarazko telebista, Nafarroa osoan, eskubide osoz eta berme guztiekin.
Bestalde, ETB1 analogikoki bakarrik ikusteak berarekin dakar gero eta bazterrekoago bihurtzea.
Horretaz gain, euskarazko irrati-formula bakarra den Gaztea ezin aditu da (oro har) Iruñerrian, Nafarroako biztanle gehien biltzen dituen gunean. Irrati-formulak entzuten dituzten gazteek, erdaraz entzuten dituzte.
ETB1 eta ETB3: Pelikularik ez, serierik ez, saio mutuak…
EITBk euskarazko irrati duinak eta arrakastatsuak ditu: Euskadi irratia eta Gaztea irratia. Euskarazko telebistak, berriz, ez du bururik altxatzen:
“Euskarazko telebistaren eskaintza osoa lehenetsiko” dela esaten da EITBren 2013-2016 Plan Estrategikoan, eta “ETB1ek orotariko eskaintza landuko” duela. Baina hasteko, zati garrantzitsu bat kanpoan gelditu da: Fikzioa.
-Nazioarteko filmek eta serieek ez dute tokirik ETB1en. Noizbait aipatu izan da hemengo produkzioak lehenetsi behar direla, hori eskatzen diola ikusleak ETBri. Baina, bitartean, ETB2k kanpoko film pila eta serie zenbait ematen ditu. Jokabide horrekin, euskarazko bikoizketaren egiturak hondoratzen uztea erabaki da. Horretan lagungarria izan da euskalgintzan indar handia duen joera bat: bikoizketaren kontrako (zehazki euskarazko bikoizketaren kontrako) eta azpitituluen aldeko joera.
-Euskal Herriko filmik eta serierik ere ez. Nazioarteko filmak eta serieak baztertuta ere, hemen egindako fikzioak oro har ez du lekurik ETB1en.
-Saio mutuak. Harrigarria da, baina euskara bulkatzeko diren kateetan urteetan izan dira saio mutuak. Euskaltzaleen kexak direla-eta (uste izatekoa da horregatik izan dela), “Just for laughs” gaueko ordu txikietara eraman dute. ETB3n, ordea, oraindik ere Shaun arditxo mutua ikus daiteke, oso polita baina euskara transmititzeko balio eskasekoa.
-Saio arrakastatsu bat: Gu eta gutarrak. Aurrekoa hala izanik ere, aitortu behar da saio honekin ETB1ek arrakasta lortu duela, eta gazteak erakarri dituela.
Konponbideak?
Idazki honen sarrerara bueltatuz, euskarazko telebista publikoaren arrakasta bermatzeko ekimen zehatz eta neurgarriak beharko lirateke, esaterako:
EITBk ematen dituen film eta serie guztiak euskaraz izan daitezela (batez ere kontuan harturik jadanik 20 bat kanalek ematen dituztela filmak eta serieak gaztelaniaz).
Eta Nafarroari dagokionez, herri ekimeneko euskarazko hedabideak babesteaz gain, euskaltzaleek mugitzen hasi beharko genuke ETB1, ETB3 eta Gaztea irratia plantan hartu ahal izateko, gure eskubidea baita.