Ehunka pertsona Bilbon “aninalien askapenaren alde” eta euren “esplotazioaren aurka”

Euskal Herriko mugimendu antiespezistak manifestazioa egin du, Bilbon, 'Orroak plazara' izenburupean. Ehunka pertsonek egin dute bat animalien askapena aldarrikatzeko.

2021-ko azaroak 1

Protesta Moyua plazatik atera da, eta Alde Zaharreko karrikak zeharkatu eta gero, Arenalean amaitu da. Bukaerako ekitaldian, gizakiz bertzeko animalien erresistentzia erdigunean jarri dute hizlariek, “gizakiaren oinpetik libratzen” saiatu diren zenbait animaliaren istorioen bidez. Nor taldeko Maialen Sagues izan da hitza hartzen azkena, eta “zapalkuntza ororen aurka” egiteko beharra nabarmendu du. Sagues-ek erran du “badela ordua gizakiz bertzeko animaliak ere zapaldutako subjektu gisa hartzeko”. Kapitalismoaren testuinguruan, haien esplotazioak gora eta gora egiten duela ere salatu du.

“Euskal Herrian dugu Europako behi haztegirik handiena, Nafarroan. Caparrosoko makroetxaldeak milaka animalia zapaltzen ditu espazio berean, baina toki gehiago izan arren, ez dira libreagoak Ultzaman edo Baztanen esplotatzen dituztenak. Jabe bat duen inor ez baita libre”, azpimarratu du Nor taldeko bozeramaileak.

“Legeak ere ez ditu babesten; animalien babeserako edo animalien ongizaterako deituriko araudiek izenean baino ez dute ongizate eta babes hori. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan EAJk eta PSEk aurkeztu dutena ere iruzur hutsa da, testuinguru espezista batean sortua, etxeko bilakatutako animaliak besterik ez dituelako kontuan hartzen. Eta neurri batean bakarrik, antropozentrismoa baitu abiapuntu. Ondorioz, gizakiz besteko animalien interesak bigarren edo hirugarren mailakoak dira beti”, esan du Maialen Sagues-ek.

Animalien “askatasuna eta emanzipazioa” helmuga duen bidea jorratzeko deia egin du Sagues-ek, “zapalkuntza ororen aurka” eta “zapaldu ororen” aitortzan . “Kapitalak hiltegiko langilea esplotatzen du; kapitalak hiltegian akabatzen duten animalia esplotatzen eta zapaltzen du. Kapitalismoaren katea apurtzeko garaia dugu: gure lepoak lotzen dituena, bai eta gizakiz besteko animalienak lotzen dituztenak ere. Izan gaitezen burujabe, baina inor gure menpe hartu gabe”, esan du ekitaldiaren bukaeran.

Gehiago