Ehunka lagun Bardeako tiro eremuaren aurkako martxan

28. aldiz protesta egin dute "Tiro poligonoa ez, gastu soziala bai" leloarekin.

2015-ko ekainak 8

Bardeako tiro eremuak sortzen dituen arriskuez ohartarazi dute protestan. 28. aldiz Tiro poligonoa EZ, gastu soziala BAI aldarrikatu du jendetzak Bardeako tiro eremuan egindako martxan. Bardeako Komunitateak 2008. urtean sinatu zuen Espainiako Defentsa Ministerioarekin, 210 milioi euroren truke, egun indarrean dagoen kontratua eta 2018. urtean berez luzatuko da kontratu hori 2028. urtera arte. "Lanpostuak sortzen inbertituko balitz Defentsa Ministerioak Bardean gastatzen duen dirua, Erribera ez litzateke langabeziak gehien zigortutako eremuetako bat izanen", azaldu dute Tiro Eremuaren Aurkako Plataformako kideek.

Duela zenbait aste izandako gertakaria ere ekarri dute gogora: "Tiro eremutik kanpo eta kotxe batetik 50 metrora erori ziren zenbait lehergailu". Bardean arriskua benetakoa dela ohartarazi dute. 'Ekaitza' izeneko ariketak egin zituzten, guztira 32 jaurtigai botata. Guztira hamar tona lehergailu baliatu zituzten 24 gerra hegazkinen bidez: tartean izan dira bi Maverick misil eta gidatutako beste lehergailu mota batzuk. Gogoratu dute gainera, Bardeako tiro eremua zonalde babestua dela eta maniobra errealak baliatzen dituztela.

1951. urtean jarri zuten martxan Espainiako armadaren Bardeako azpiegitura.

Gehiago