Ehungintzan eta oinetakoen merkataritzan lanuzteak eta greba deitu dituzte eguberrietan hitzarmen duin baten alde

ELAk eta LABek ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzaren sektorean mobilizazioak iragarri dituzte gabonetako kanpainan. Abenduaren 23an lanuzteak eginen dituzte eta 24ean egun osoko greba.

2023-ko abenduak 18

ELA eta LAB sindikatuek Nafarroarako hitzarmen bat negoziatzera esertzeko eskatu diete sektorearen enpresei. Momentuz, ezezkoa jaso dutela salatu dute, eta sektoreko lan-baldintzak estatuko hitzarmen baten bidez ezartzea ez dutela onartuko adierazi dute.

“Hitzarmena ez negoziatzea ez da patronalaren legezko legitimazio arazo baten ondorio, enpresen borondaterik ezaren ondorio baizik”, kritikatu dute sindikatuek, eta enpresa handiek ez dutela hemen negoziatzeko interesik deitoratu dute. “Berariaz adierazten ari dira Estatuko hitzarmenaren helburua lan baldintzak berdintzeko elementu gisa jardutea dela, eta berdintasuna, jakina, beherantz”, diote ELAk eta LABek.

Enpresa hauen proposamenaren helburua sektorea muturrera malgutzea dela uste dut sindikatuek. “Lanaldia handitzea, lanaldiaren banaketa irregularra %25eraino (PPren lan-erreformak % 10 ezarri zuen), ordutegi-malgutasuna, igande eta jaiegunetako nahitaezko lana, oporrak hartzeko aldiak mugatzea… Hori guztia milioi askoko irabaziak dituzten enpresa handiek bultzatuta”.

Egoera honen aurrean, ELAk eta LABek mobilizaziora eta grebara deitu dute negoziazio mahai bat eratzea eta negoziazioei hasiera ematea helburuarekin. “Nafarroako hitzarmena ezinbesteko tresna da sektoreko lan-baldintzak duintzeko. Nafarroako hitzarmenik gabe, azaldu den bezala, prekarietatea arau izango da”, aipatu dute.

Lan baldintzak hobetzea

Ehungintzaren eta oinetakoen merkataritzaren sektorean 14 urtez hitzarmenik gabe izan dira langileak, eta “erabat zaharkituta” daude lan baldintzak. Horiek eguneratzea eskatzen dute sindikatuek. Hala nola, galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea, asteko benetako atsedena eta 5 eguneko asteko lanaldiak, igande eta jaiegunetan lanik ez egitea, lanaldi partzialen ordu osagarriak finkatzea, online salmentak dakarren karga-gehikuntzagatiko plus ekonomikoa, larunbat libreak…

Abenduaren 23an txanda bakoitzeko bi orduko lanuzteak eginen dituzte (12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara), eta lanaldi osoko grebarako deia egin dute abenduaren 24rako.

Gehiago