EHNEk azoketei ezarritako murrizketak salatu ditu eta segurtasun neurri zorrotzak ezartzearen alde agertu da
Nafarroako Gobernuak azoken lanpostuak erdira mugatu ditu, eta honek egoera larrian uzten ditu hainbat nekazari eta saltzaile txikiak.
2020-ko irailak 19
EHNE-Nafarroak gutun bat igorri dio Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari eta Landa Garapeneko Departamentuari ere Kopia bat bidali zaio. Bertan kalean egiten diren azoketan, postu saltzaileen kopurua, ez dezala erdira mugatu eskatu du, irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduan xedatu duenaren aurka eginez. Araudi horren bosgarren puntuan, zehazki, honako hau zehazten da hitzez hitz: “Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuek, azoka txiki gisa ezagutzen direnek, ezingo dute ohiko edo baimendutako lanpostuen ehuneko berrogeita hamar gainditu, eta jende-kopurua mugatu egingo da, betiere pertsonen arteko segurtasun-distantzia bermatzeko moduan”.
Sindikatu honen ustez, hain neurri zorrotza hartu gabe ere, osasun arloko prebentzio-neurriak har daitezke gune horietan koronabirusaren aurrera egitea eta kutsatzea eragozteko. “Badakigu osasun premia handia bizi dugula, eta uste dugu kontrol eta segurtasun neurriak ezinbestekoak direla guztion onerako, baina azoka txikiak premia biziko produktuak saltzen dituzten guneak dira, eta postuen ehuneko kozkor bat, bere produktuak ekoiztu elaboratu eta saltzen dituzten nekazari txikiak dira, egunero aurrera egiteko borrokatzen diren nekazariak, gure ustez Nafarroan berebiziko garrantzia duen nekazaritza eta komertzio eredu baten adierazle”, adierazi du EHNE-k.
Nekazarien sindikatuaren hitzetan, salagarria da supermerkatu eta merkataritza guneetan murrizketak ematen ez diren bitartean, azokei horrelako mugak jartzea. “Gaur egungo osasun pandemiaren egoeran, ez dute beren korridore, apal eta produktu eskaintza murrizten, eta horregatik, bidezkoa iruditzen zaigu kaleko azoketako baldintzak modu berberean tratatzea, lehen aipatu dugun bezala, hauetan ere premia biziko elikagaiak merkaturatzen baitira”.
EHNEk hainbat segurtasun neurri proposatzen ditu, besteak beste pertsonen arteko urruntzea, lanpostu bakoitzeko pertsona-kopuru mugatu bat ezartzea, sartze eta irtete ordenatu bat egokitzea, edo gel hidroalkoholikoa erabili behar izatea, “eta hori guztia ez da postu kopurua mantentzearen aurkakoa”.