Ehiza-postuak monumentu megalitikoen gainean eraikitzen dutenen kontra egiteko eskatu dio Eguzkik Nafarroako Gobernuari

Aurten Errengako mairubaratzetan izan da, Lesakan; iaz, berriz, Iruso 1 trikuharrian, Leitzan.

2019-ko irailak 11

Errengako mairubaratz baten gainean, Lesakako udalerrian, Oiartzungo mugan, ehiza-postu bat jarri dutela eta, Eguzkik gauzak argitzeko eta, hala badagokio, erantzuleen kontra neurriak hartzeko eskatu die Nafarroako Gobernuaren Ingurumen eta Kultura sailei.

Hilharriak elkarteak postua abuztuaren bukaeran salatu zuen eta, ondoren, lekuz aldatu dute, baina, Eguzkiren iritziz, Gobernuak erreakzionatu beharko luke, ez baita horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia.

Izan ere, iazko maiatzean antzeko salaketa bat egin zen, ehiza-postu handi bat eraikita zegoelako Leitzako Iruso 1 trikuharriaren gainean. Kasu hartan ere, salaketa egin bezain pronto, postua lekuz aldatu zuten, baina ordurako kalteak nabarmenak ziren.

Leitzako trikuharria zein Lesakako mairubaratza behar bezala seinalizatuta zeuden eta daude.

“Ehiztarien artean denetarik dago. Alabaina, kolektibo gisa, beti kexaka ari dira zeren eta, haiek berek aitortzen duten bezala, gizartearen aurrean irudi txarra baitute. Gizarteak ez omen ditu “ulertzen”. Eta nor dira irudi txar horren erantzuleak? Ekologistak, animalistak, mendizaleak? eta, egia esan, ehiztari ez den ia edonor. Baina behar bezala seinalizatuta zegoen Errengako mairubatz baten gainean (edo Iruso 1 trikuharriaren gainean) ehiza-postu bat eraiki dutenik ez du inork asmatu. Eta monumentuetan erreparatu ez badute, alferrik eskatuko diegu beste hainbat gauzetan erreparatzea, esaterako, postuak bideetatik egon behar diren gutxienezko distantzietan. Horrelako gauzak gertatzen dira errealitateari eskopetaren kanoi-zuloetatik bakarrik begiratzen zaionean”, salatu du Eguzkik.

Gehiago