EHE-k ilusio eta egitasmoz gainezka ekin dio ikasturte berriari

Pasa den larunbatean Nazio Batzarra egin zuen Euskal Herrian Euskaraz-ek, Lakuntzan. Euskara erdigunean kokatzeko apustua egin du eragile euskaltzaleak.

2014-ko irailak 30

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko eragile euskaltzaleak 2014-2015 lan urterako egitasmo eta lan ildo nagusiak jasotzen dituen Nazio Plangintza eztabaidatu eta onartu ditu Lakuntzan (Nafarroa Garaia) egin zuen Nazio Batzarrean. Larunbatean Euskal Herriko dozenaka auzo eta herritatik bertaratu ziren EHEko talde ezberdinetako ordezkariak izan ziren protagonista. Plangintza onartzearekin batera, EHEren mezua momentu politikoari uneoro egokitzen joateko norabide ideologikoan egin beharreko moldaketak eztabaidatu eta onartu zituzten.

Helburu orokorren artean kokatu dituzte, era berean, euskaraz bizitzeko hautua indartzea, norbanakoen kontzientzia hartzean eta aktibazioan eragitea, euskarari maila eta eremu ezberdinetan lehentasuna emateko eragitea, iruzurrei eta erasoei aurre egitea, hizkuntza politika burujabearen aldeko mezua zabaltzea eta hizkuntza eskubideen defentsan irmo mantentzea.

Horiek lortzeko, asko eta askotariko iniziatiba ezberdinen artean, bi inflexio puntu proposatu ditu EHEren Nazio Batzarrak: bata azaroaren 4rako, EHEk 35 urte beteko dituen egunerako. Euskararen normalizazioaren geroaz hausnartzeko mahai-ingurua mamitsua egingo du EHEk. Bestea heldu den apirilaren 18rako; orduan izango baita aurtengo Euskaraz Bizi Eguna. Aurrerago esango dute non izango den.

Osasungintza, Justizia administrazioa, euskarazko  hedabideak eta beste hainbat eremu jorratzen dituzten ekimenak eta dinamikak elikatuko ditu EHEk datorren lan-urtean. Alta, Euskal hiztun komunitateari dagokion gai ororen gainean eta adi egongo den arren, aurton jorratu beharreko hiru ildo nagusi lehenetsi ditu EHEko kidegoak; guztiak, dinamika konkretu eta ildo orokor guztien txapela den Euskaraz Bizi dinamikaren baitan:

– Norbanakoen aktibazioa:    EHEk garrantzia berezia ematen dio euskaldunok euskararen normalizazioan jokatu behar dugun paperari. Euskaldunak euskararen alde egotetik euskararen alde egitera eraman nahi dituzte. "Herri euskalduna, euskal hiztun komunitatea aktibo egon dadin ezinbestekoa da aldaketa sozial, politiko zein juridikoak eragingo dituen sarea osatzea, eta, euskaltzaleak aktibatuz baino ezin da lortu hori", dio EHEk.

– “Udalak eta biok euskaraz” / “Herriko etxeak eta biok euskaraz”: Iaz abiatu zuten dinamikak urrats berriak egingo ditu aurten. Herritarrongandik hurbilen dauden administrazioei eskari indibidualak aurkeztuko dizkiete udalaren eta herriko etxearen eta norberaren arteko harreman oro euskaraz izan dadin. Kontutan hartu behar da Lapurdin, Nafarroan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 70 udal eta erakundek baino gehiagok jaso dituzte iaz helegite eta salaketak hizkuntza irizpideak ezartzeagatik.

– “Guk eskola euskalduna!”: Euskal Herrian Euskarazek argi dauka euskaraz biziko den herria eraikitzeko ezinbestekoa dena ikasle euskaldun  eleanitzak euskal curriculumaren baitan heziko dituen hezkuntza eredua. Euskararen ezagutza bermatu gabe indarrean jarri diren HELLO, PAI eta bestelako hiru eleko ereduak salatzen jarraituko dituzte, Seaskaren aurkako erasoak, ikasleek baxoa euskaraz pasatzeko, unibertsitateko edo lanbide heziketako ikasketak euskaraz egiteko eragozpenak eta gisakoak salatzea eta alternatibak proposatzea ahaztu gabe.

Hau guzti hau, arestian aipatu bezala, bere 35. urtemugaren testuinguru berezian eramango du aurrera EHEk. EHEk etorkizunera begira jarri nahi du, baina horretarako lehenik atzera eta barrura begiratzea erabaki du Nazio Batzarrak, eta antolakuntza ereduari buruzko hausnarketa abiatuko du aurrerantzean.

Azkenik, momentu politiko eta garai berriek Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidean duten garrantzia azpimarratu zen batzarrean. Eta, alderantziz baina norabide berean, euskaraz bizi nahi duen  herriak konponbidearen baitan jokatu beharreko paperaren garrantzia azpimarratu zen.

Zentzu horretan, euskara politikatik atera behar dela diotenen aurrean euskarak politikak behar dituela dio EHEk. Euskarak diskurtso politikoen erdigunean, konponbide politikoen (herritarren eskubideekiko justuak izango badira) erdi-erdian egon behar duela uste du EHEk. Baina, noski, ez gatazkak areagotu eta liskarrak sortzeko; gatazken konponbidean ekarpenak egiteko eta egiazko elkarbizitza justu baten zutabea izateko baizik.

Gehiago